euskal diaspora eta kultura

2008/09/03
Hiru antzerki talde euskaldun Kataluniako Tarrega herriko 28. Kale Antzerki Topaketetan arituko dira irailaren 11tik 14ra. Gaitzerdik "Otsoko" aurkeztuko du, dantza garaikidea eta ikuskizuna uztartzen dituen Txano Gorritxuren alegia berritzailea. Gansoren “Renato” lana, aldiz, denbora luzez etxean barneratutako gizon baten kontakizuna da. Bere ama hiltzean, bizitzako ametsa burutzen du: zirkoan aritzea. Azkenik, “Gris Mate” Katu Beltz taldearen lehen lana da, absurdura hurbiltzen den antzerki garaikidearen emaitza.
2008/09/03
Txileko Euskal Ordezkaritzaren eta Valparaisoko Eusko-Etxearen elkarlanari esker Euskal Zinemaren II. emanaldian "Nomadak TX" eta "Eutsi!" filmak izango dira ikusgai. Lehena, bi txalapartarik kultura ezberdinetan barrena egiten duten bidaiaren dokumentala da, txalaparta hainbat kultura komunikatzeko tresna moduan harturik. Bigarrenak, txikitatik lagun diren bi langileren abentura dakar. Biak bi urtez luzatzen den lan-gatazka batean murgilduta daude, eta Frantziako Tourrean ikusten dute beren aldarrikapenak gauzatzeko aukera.
2008/09/02
Polito joan da joan den asteburu luzean Chino hiri kaliforniarrean NABO Biltzar eta Jaialdiaren 2008ko edizioa. Bertako euskal etxearen lanek fruitu egokiak eman dituzte eta giro ezinhobean joan dira AEBetako klikei eginiko omenaldia, NABO Biltzarra bera, musika eta dantza emanaldiak eta programak bildu dituen gainerako ekimen ugariak. NABOri dagokionez, Estatu Batuetako euskal etxeek lehendakari berretsi dute Utah-ko Mary Gaztambide eta, lehen aldikoz, Kanadako euskal etxe bat onartu da NABOn --Vancouver-eko Zazpiak Bat--, gisa honetan 'North American' izenak zentzu osoagoa hartu duelarik.
2008/09/02
Irungo 'Meakako Adixkideak' eta Hendaiako 'Mutxiko' taldeek Buenos Airesen egin zuten emanaldi jendetsuarekin bukatu dute Argentinara ekarri duten bira. Emanaldia Iparraldeko Euskal Etxea, Euskaltzaleak eta Eusko Kultur Etxeak antolatu zuten eta 200 lagundik gora bildu ziren bertara. Bukaera ezin hobea izan zen luze amestutako bira honentzat. “Batzuentzat agian azken bidaia izango zela kontuan hartuz, ausartu egin ginen”, azaldu zuten taldeetako zuzendariek, Mirari Damboleneak eta Joxemi Aranburu Otegik. Bidaia Mendozan hasi zen, eta San Juan, Cordoba eta Paranatik pasatu ondoren, Buenos Airesen bukatu dute.
2008/09/02
2008/09/02
Euskal Diasporaren parte zabal batek begirada Bartzelonara zuzentzeko arrazoiak ditu egunotan, kataluniar hiriburuan Europako Euskal Etxeen II bilkura eta Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa Mundiala jokatuko baitira, hurrenez-hurren. Ostiralean bertan hasiko dira bi ekitaldiak eta hitzorduek Diasporako kide ugari bilduko dituzte bertara. Gainera, Bartzelonako Euskal Etxeak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu egitaraua osatzeko, besteak beste Iosu Yeregui tenorearen kontzertua ostiralean eta Maddi Oihenarten kantaldia larunbatean.
2008/09/01
Juan Mari Beltranek, Euskal Herriko musika ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetako batek, Uruguaien eta Argentinan lau emanaldiko birari ekingo dio asteburu honetan, larunbatean Montevideon emango duen kontzertuarekin. Bira hau Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen bira kulturalak egiteko dirulaguntzarekin antolatua izan da eta emanaldietan Beltranek ‘Orhiko Xoria’ eta ‘Arditurri’ diskoak aurkeztuko ditu Hego Amerikako agertokietan. Beltranekin batera taulagainean ariko diren musikariak Aitor Beltran, Ander Barrenetxea, Andoitz Antzizar, Jasone Camara, Miriam Atxaerandio, Iñigo Campos eta Ixiar Uria izango dira. Emanaldiak Montevideon, Chivilcoy-en, Arrecifesen eta Buenos Airesen egingo dituzte.
2008/09/01
Miamiko Euskal Etxearen inguruan biltzen diren euskaldunek euskara eta euskal dantza ikastaroak egin ahal izango dituzte ikasturte berrian, elkartea prestatzen ari den ekimen berriei esker. Euskal kultura sustatu eta zabaltzeko apustuan, elkarteko arduradunek ekimen hauen kargu egiteko errronkari aurre egiteko prest dauden bi irakasle aurkeztu zituzten euskal etxeko azken ekitaldietako batean, San Ignazio eguneko jaian.
2008/09/01
Duela bost urte Miguel Mendiondo zuzendari eta antzerki irakasleak Bahia Blancako Euskal Etxeari antzerki tailer bat sortzeko leku bat eskatu zion. Etxeko Kultur Batzordeak berehala onartu zuen proposamena eta handik aurrera taldea urtetik urtera hazten eta sendotzen joan da. Gaur, Gure Antzerki taldeak lan ugari egin eta aurkeztu ditu eta datozen denboraldietarako ere hamaika priektu ditu eskuartean. “Lurra loratzen ikusteko, lehenago erein egin behar da” goiburuarekin, taldeak eta zuzendariak gogor eusten diote etorkizunari.
2008/08/29
Astelehen honetan, irailaren 1ean, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (SPRIk) bulego berria irekiko du AEBetan, euskal enpresei herrialde honetan kokatzen laguntzeko helburuarekin. Bulego edo 'Euskarri' honek dagoeneko SPRIk Chicagon duen bulego iraunkorraren lana osatuko du. Zentro berriak babesa emango die AEBetan lehen aldiz instalatzen diren enpresei. SPRIk horrelako beste bi zentro ditu munduan, bata Shanghai-en, Txinan, eta beste Wroclaw-en, Polonian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus