euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

300 lagunetik gora, 60 dantzari, erromeria eta saio bikaina Necocheako Euzko Etxearen Diasporaren Eguneko Gaualdian

2026/10/01

Adin guztietako dantzariek oso emanaldi txalotua eskaini zuten Necocheako Euzko Etxeko aretoan Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko
Adin guztietako dantzariek oso emanaldi txalotua eskaini zuten Necocheako Euzko Etxeko aretoan Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Hirurehun lagundik gora bildu ziren iraileko bigarre asteburuan Necocheako Euzko Etxeko Jaialdi Aretoan, Euskal Diasporaren Egun berezia ospatzeko. Proposamenak musika, dantza, sukaldaritza tradizionala eta goizaldea arteko erromeria uztartu zituen. Giro paregabean, bazkideak, dantzarien ahaideak eta euskal etxea lehen aldiz bisitatzen ari ziren auzokide ugari ere elkartu ziren. Oholtzan, 60 dantzarik eskaini zuten ikuskizuna, 2tik 62 urte bitartekoak, bost taldetan banatuta eta 11 zuzendarik gidatuta. Horiei gehitu zitzaizkien Abel Nosedaren txistua eta danbolina zein Osasuna otxoteko ahotsak.

Ekitaldia irailaren 12an, larunbatean, gauzatu zen, hasierako hitz-hartzearekin abiatuta. Beltxa Iriberri bazkideak gogora ekarri zuen dantzak arbasoen kultura bizirik mantentzeko duen balioa, eta esker ona agertu zion komunitate osoaren izenean eragile eta sustatzaileei: irakasleei, musikariei, atzoko eta gaurko dantzariei eta, bereziki, duela 80 urte dantzak necocheako Euzko Etxean izan zuen lehenengo taldeko aitzindariei, Martita Larraza eta Sarita Zubillagari.

 
Gaualdiaren postalak eta taldeetako zuzendariak: José Luis Picardi, Belén Irungaray, Belén Hojsgaard, Costanza Fernández Salvador, María Emilia Miguerza, Guillermina Garat, Maite Bilbao, Bibi Dabadie, Alejandra Peralta, Silvia Aguirre eta María Inés Sarasibar.

Baserriz, saskiz, sagarrez eta oro har sagardogintzako elementuz apainduriko agertokian, bost taldeek ibilbide koreografiko eta musikala eskaini zuten: Agurra, San Migel, Polka, Kaskarot, Gorulariak, Zinta Dantza eta Dino Alai taldearen suitea. Saioari Osasuna otxoteko kideek ere ekin zioten: Alfonso Picón zuzendari, Ricardo Esnaola, Mario Mendiburu, José Luis Iribarne, Néstor Galman eta Abel Noseda kantari, errepertorioan bilbainadak, egungo taldeen euskal kantak eta folklore argentinarrekoak eskainiz. Abestien ostean, dantzara itzuli zen saioa: Akelarre, Hator hator, Makil dantza eta Sorginekin, eta Fandango eta arin-arina amaiera gisa.

EuskalKultura.eus-ekin solasean, Euzko Etxeko lehendakari Iñaki Bilbaok jendetzaren partaidetza eta elkartearen jardueraren indarberritzea nabarmendu zituen. "Zorionez, ikusten dugu dantzak berreskuratu duela lehenagoko indarra eta interesa, eta horrekin batera familien parte hartze handia; horrek poz handia ematen digu eta etorkizunera begira baikor izatea ahalbidetzen digu", laburtu zuen.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia