euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak segitzen du ospatzen bere 75. urteurrena: Ikasle Topaketa eta euskal mural ederra

2025/11/06

Valentziako Euskara Ikasleen Topaketako partaideak, Laurak Bat Euskal Etxe ondoan margotu berria den ‘Izena badu, bada’ muralean
Valentziako Euskara Ikasleen Topaketako partaideak, Laurak Bat Euskal Etxe ondoan margotu berria den ‘Izena badu, bada’ muralean

PUBLIZITATEA

Valentzia, Espainia. Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeko eta bertako HEO-Hizkuntza Eskola Ofizialeko hogeita hamar ikaslek egin zuten bat joan sen larunbatean, azaroaren 1ean, Euskal Etxearen egoitzan, euskara eta euskal ikasleak protagonista izan zituen ikasturte hasierako saio batean parte hartzeko. Topaketak bi zati izan zituen; batetik hizkuntza praktikatzeko jolasak eta dinamikak egin zituzten, Garikoitz Knörr, Izaskun Kortazar, Irati Altzelai eta David González irakasleak gidari; eta bestetik, euskalduntze prozesuari buruzko hitzaldi interesgarri bat eskaini zien Daniel Sanz-ek “Nola pasatu euskara ez jakitetik hizkuntza honetan bizitzera” izenburupean. Egitarauko parte, lagunarteko bazkari bat partekatu zuten bildutakoek.


Topaketako ikasle talde bat euskara praktikatzeko ariketa eta jolasetan partaide

75. urteurreneko ekintzak

75 urte betetzen ari da aurten Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea eta urtemuga ospatzeko mota askotako ekimenei ekin die, tartean mural bat margotzea euskal mitologiako pertsonaien ardatzean. Artelana Valentzia bertako Barbiturikills (Bárbara Sebastián) artista plastikoak egin du, kalean, Euskal Etxe kanpoko horma batean, eta izenburua ‘Izena badu, bada’ ezarri diote. Euskal mitologiaren eszena bat hartzen du oinarri: Mari, jainkosa nagusia, Eguzki eta Ilargi alabekin; eta eurekin, Sugaar sugea eta lamiak. Muralari buruzko informazio gehiago, hemen.


Valentziako Euskal Etxe aldamenean, kalea Barbiturikillsek eginiko mural honekin edertu dute

Datozen asteei begira, Iruñeko ‘Foru Ahotsak’ abesbatzaren doako kontzertua antolatuko du Euskal Etxeak azaroaren 15ean, arratsaldeko 6:30etan, Centre del Carme Cultura Contemporànea  kulturgunean. Sarrerak aldez aurretik eskatu behar dira sarrerak@euskaletxeavalencia.eus helbidean. Informazio gehiago, hemen.

Azaroaren 22an, berriz, beste kontzertu bat programatu da, hau Petti eta Oscar Briz musikariena. Hitzordua arratsaldeko 7etan da, Ca Revolta-n. Kontzertuaren ostean, musika gehiago eta pintxo potea Euskal Etxearen egoitzan. Informazio gehiago, hemen.

- Valentziako Euskal Etxea Instagramen, euskaletxea_valencia



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia