euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uruguaiko 'Saltoko Euskaldunen Taldea' sarera itzuli da elkartearen berri ematen duen bloga medio

2008/07/30

Saltoko Euskaldunen Taldea-k zabaldu duen blogaren azala
Saltoko Euskaldunen Taldea-k zabaldu duen blogaren azala

PUBLIZITATEA

Uruguai ipar-mendebaldeko Salto herriko 'Saltoko Euskaldunen Taldea' izeneko Euskal Etxea sarera itzuli da uztail honetan zabaldu berria duen 'Vascos en Salto' izeneko bloga medio. Elkarteak izan zuen 2002an --euskal etxeak hamar urte betetzearekin batera-- lehenengo webgune bat, nahikoa osatua, denborarekin ahultzen joan zena, ez-eguneratzen alegia, berez desagertu arte. Azkeneko boladan taldea izaten ari den aldaketen baitan dator internet lehio berria, duela gutxi elkarteak egoitza aldatu eta herri erdi-erdigunera etorria baita, eta ugaldu nahi ditu bere ekintzak, bazkideak ugaltzen ari zaizkion heinean.

Salto, Uruguai. Uruguaiko Errepublikako euskal etxerik iparraldekoena den Saltokoak --errepublikaren izen bereko ibaiaren ertzean kokatua, ibaiaren bestaldean Concordia herri argentinarra daukala-- agertua da berriz ere interneten lehio propioa daukaten euskal etxeen erresumara, inauguratu berria baitu uztail honetan bloga, 'Vascos en Salto' izenpean, Uruguai osoan webgunea daukan euskal etxe bakarra bilakatuz.

Euskal etxe saltotarrak egiten dituen ekintzetako zenbait aipatzen dira webgunean, argazki bidez bereziki. Horien artean, euskara klaseak, Angeles Muñoa irakasleak larunbatero ematen dituenak. Meriturik ez zaio falta irakasle honi, dakien euskara guztia Argentina eta Uruguain ikasi baitu eta, adina altukoa izanagatik, gogor eusten dio euskaltzaletasunari eta euskararengatik duen amodioari. Euskara klaseetako argazkiez gain, Maria Angela Juanena bertako artistak ematen dituen pintura eta bestelako arte plastiko eskolak ere agertzen dira argazkietan. Baita besterik ere, hala nola maiatzaren 30ean Hernan Sorhuet-ek Una historia como tantas pero es nuestra historia liburua aurkezteko Uruguaiko euskaldunez eman zuen hitzaldia, mapez eta elementu grafikoez lagundurik.

2002an Euskal Etxeak hamargarren urteurrena bete zituen urtean zabaldutako webgunearen ondotik dator oraingo bloga. Esan beharra dago, webgune hartaz aparte, EuskalKultura.com-en datuen arabera, soilik eta denbora batez Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeak izan duela webgunerik interneten. Uruguaiko euskaldunekin lotua, baina ez euskal etxe baten baitan, iaz azaldu zen sarean Trayectoria de Inmigrantes Vascos en Uruguay izeneko tokia, nonbait Jorge Arin Aupassorho-ri zor zaiona, Uruguaira emigratutako hainbat familiaren datuak eta bestelako jakingarriak biltzen dituena.

Lotura interesgarriak

Vascos en Salto blog berria
http://saltokoeuskaldunentaldea.blogspot.com

Trayectoria de Inmigrantes Vascos en Uruguay
XVIII - XIX - XX. mendeak

Los vascos en Uruguay
Martha Marenales eta Juan C. Luzuriagaren artikulua Euskonews-en

Sobre topónimos vascos en territorio uruguayo
Renée Fernández eta Danilo Maitiaren artikulua Euskonews-en



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia