euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Unai Lauzirika, irakurle Leipzigeko Unibertsitatean: "Hasiera-hasieratik harrera oso ona izan da"

2013/10/29

Unai Lauzirika Leipzigeko Unibertsitateko sarreran
Unai Lauzirika Leipzigeko Unibertsitateko sarreran

PUBLIZITATEA

Unai Lauzirika lekeitiarra Alemanian bizi da orain dela zenbait urte eta, Berlingo Euskal Etxeko zuzendaritzako kide izateaz gain, Leipzigeko Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurlea da. Ikastaroa abian jartzeko ardura izan zuen iaz, eta hasieratik espero baino ikasle gehiagok izena eman zutela aipatu du. Horietako askok udan jarraitu omen zuten euskara eta euskal kultura ikastaroekin eta, aurten, irakurletza maila horretan mantentzea eta finkatzea da helburua.

Leipzig, Alemania. Leipzigeko Euskara eta Euskal Kultura ikastaroak bigarren urtea du aurtengoa eta Unai Lauzirika irakurlearen esanetan "iazko martxari eustea" da helburua. Horretarako, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko dute, eta hainbat ekitaldien bitartez euskal hizkuntza eta irakurletza bera ezagutzera emango dute ikasleen artean. Gainera, HABEko Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegik hitzaldia emango du.

"Ikasleek asko eskertzen duten gauza da, klase normaletatik aparte, zinema, literatura edo antropologiaz gehiago jakitea", adierazi du Lauzirikak. Iaz, esaterako, Leipzigetik sei hizlari pasa ziren: Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Asier Altuna zuzendaria, Marijo Olaziregi, Mikel Ayerbe edota Inaxio Lopez Arana; seiak Berlingo Euskal Etxearekin elkarlanean edo Etxepare Euskal Institutuaren bidez gonbidaturik.

-Urtebete da irakurletza martxan dela, zer moduzko harrera izan du?

Harrera hasieratik oso ona izan da, uste baino jende gehiagok eman baitzuen izena martxoko ikastaroan, 40 ikasle guztira. Iaz kurtsoa urrian hasi beharrean martxoan hasi genuen, ikastaro trinko bat eskainiz, 60 eskolaordu bi astean. Horrek ere eragina izan du, ikasleek denbora gehiago izan dute informatzeko, egunkarietan ere atera zen berria eta beste irakasleek ere lagundu zuten gure berri ematen.

-Ze jarduera edo ekitaldi izan dira azpimarragarrienak?

Bai Etxepare ezein unibertsitatetik beharrezkoa ikusi dugu klaseko jardun arruntetik kanpo tailer eta ekitaldiak eskaintzea, ezagutarazteko, ahalik eta jende gehien erakarri eta etorkizuneko ikasleen arreta beraganatzeko. Ez nuke ekitaldi bat bereziki azpimarratuko, gaiak eta publikoa bera ere desberdinak izan dira eta.

Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariaren hitzaldia aipatuko nuke, edo Asier Altunak azaro hasieran "Bertsolari" dokumentala aurkeztu zuenekoa. Egun horietan ikasle batzuk irabazi genituen duda gabe. Inaugurazio ekitaldia ere aipagarria izan zen, han bildutakoengatik; batez ere beste fakultateetako ikasleak eta irakasleak etortzea ondo datorkigu, beraiek emango baitute ondoren gure berri.

Mikel Ayerberen "OurWars. Short fiction on Basque Conflict” hitzaldiak historia eta erromanistikako ikasle asko erakarri zituen eta gero klaseetan ere landu genuen han esandakoa. Era berean, Inaxio Lopez Aranak Rudolf Trebitsch-i buruz eman zuen hitzaldia ondo jarraitu zen, gaia ere interesgarria zen eta.

Bestalde, Gernikako bonbardaketa eta Euskal Herria eta Alemaniaren arteko berradiskidetze bidea eta memoria historikoaren gainean eman nituen bi hitzaldiek ere ia bete zuten aretoa. Baina kontuan hartu behar da hizlarien esanak hiru hizkuntzatara itzultzen ditugula aldi berean. Horrek ere laguntzen du!

Gainontzeko zine-emanaldi edo sukaldaritza tailerrak ez nituzke sartuko maila berean baina uste baino ikusgarritasun gehiago ematen dute euskal pintxo tailerrek.

-Zerk ekartzen ditu ikasleak irakurletza honetara? Euskarari eta Euskal Herriari buruz ba al dakite ezer Leipzigen?

Nahiz eta denei galdetzen diedan ez nuke jakingo laburbiltzen. Euskal Herriaz duten ezagutza ez da oso handia egia esan, gutxi dira gurean egondakoak. Zerbait dakitenek betiko lau kontuak entzun dituzte: politika, hizkuntzaz zerbait eta futbol talderen bat edota Euskaltel taldeko txirrindulariak. Beste askok iberiar ikasketen barruan zerbait berria bilatu nahian hurbiltzen dira guregana. Baina egia esan eskertzeko gauza da jarrera hori ere, gehiegirik jakin gabe aukera bat ematea euskarari. Aurreiritzi gabe datoz eta eskertzen da.

Hori bai, euskara klaseekin hastean uste baino sorpresa handiagoak hartzen dituzte. Badago lehen egunean klasera etorri eta bueltatu ez denik ere.

-Irakurletzaren hurrengo ekitaldiak, proiektuak?

Aurtengo ikasturteari begira hizkuntz politika gaiak sartu nahi ditut klaseetan. Hitzaldi batzuk iada hitzartuta daude eta interes bizia dagoela esango nuke. Hemen bada halako arreta bat hizkuntza gutxituenganako eta euskararen eta egungo hizkuntza politika ezberdinen berri emango dugu. Horretaz gain, klaseetan emandakoa zabaltzea da helburua; hau da, gai interesgarri bat landu behar bada, klasetik kanpo jarduera osagarrilez eskaini (film, hitzaldi, gonbidaturen bat) eta beste ikasleak erakarri nahi ditugu.

-Nolako esperientzia izan da ikastaro hau abian jartzea?

Leipzigeko lehen urte hau lanpetua izaten ari da. Alde batetik, Berlin utzita Leipzigera etortzeak suposatzen duenagatik eta, bestetik, lehen urtean dena zerotik prestatu beharra zegoelako, eta unibertsitate mundura egokitu eta burokrazia alemanera ohitu. Lektorego berria da gurea eta dena dago egiteko. Baina batez ere klaseak alemanez eman beharrak ematen dit lana. Astean 12 ordu alemanez (6 ordu hizkuntza eta 6 ordu euskal kultura) ematea dexente prestatu beharreko asuntoa da. Gainotzekoan, oso harrera ona izan dut eta esperientzia atsegina da, duda gabe. Ez nago ezertaz kexatzeko moduan.

-Berlingo euskal etxeko kide zara. Erraza al da herrialde horretan integratzea?

Nik nire esperientziagatik, hasteko, desberdinduko nuke Berlin eta gainontzeko Alemania. Ez dute zerikusirik ez erlazionatzeko erak, ez jendeak. Berlin abegikorragoa izan daiteke eta jende gehiago topa dezakezu zure egoeran, baina ez da hiri erraza ezta; lan on bat topa nahi izan ezkero ez behintzat.

Esango nuke kalean ez direla topikoak dioen bezain hotzak. Nik oso lagun onak egin ditut hemen. Distantziak mantentzen dituzte baina euskaldunak ere ez gara askoz hobeak gure koadrila-hesi ditxosoekin. Hori bai, lan munduan hotzagoak direla esango nuke, nik orainoko lanetan ez dut erlazio on edo berezirik egin. Horretan lan-motak ere badu zerikusirik; unibertsitatean giro ona dago, beste jarduera batzuetan ez da horrela izaten: lantokira joan, lan egin ta juxtu-juxtuan agurtzen zaituzte.

-Krisia dela eta, nabari al duzue euskaldun gehiago heldu direla Berlinera?

Berlingo Euskal Etxean nabaritu dugu bai euskaldun gehiago etortzen ari dela edo behintzat lehen baino gehiagok idazten dutela informazio eske. Gehienek hemengo lanegoeraz galdetu eta lanpoltsarik dugun galdetzen digute, edota aholku edo etxebizitza eske etortzen dira. Berlingo euskaletxeak ez du egoitzarik; ondorioz, harrera egiteko orduan ez da erraza gure lana, kultur elkarte bezala ekitaldiak antolatzen baititugu. Hori da gure jarduna. Ez dugu txoko edo egoitza fisikorik eta ohiko bilera egunetaz gain emailez bakarrik erantzuten dugu.

Bestalde, jendeari beti ematen diogu erantzun berdina: Berlin oso hiri ederra eta bizia da, baina lana bilatzeko Alemania guztian dagoen lekurik txarrenetakoa. Lana aurkitu daiteke, duda gabe, baina ez telebistak saltzen duen baldintzetan. Asko dira honaino etorri eta Berlindik ordu betera Potsdamen telefonista lanetan bukatzen dutenak edo hoteletan Mini Job kontratupean 400 euro kobratuz eta Estatuaren laguntzen menpe. Ni neu ere antzeko lanpostuetan ibili izandakoa naiz ta ez da erraza maila eta lan baldintzetan gora igotzea epe labur batean, jende oso prestatua dago Berlinen. Eta hizkuntza ikasi bitartean horrela ibili daitekeen arren, epe luzera ez nuke gomendatuko. Ingeniari edo arkitektolez lan bila etorri nahi duenari beste Land batzuetara joatea gomendatuko nioke. Baina noski, Berlinen prezioak igotzen ari badira ere, oraindik, hiri merkea da; horrek ere badu eragina jendea erakartzeko orduan.

Hori bai, norbaitek diru gutxirekin urte sabatiko bat pasatzeko asmoa badu, ez dut ezagutzen Europan hiri hoberik. Baina helburu berdina duen jendez beteta dago hiria. Abixatuak zaudete.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia