Tolosa-Colomiers, Frantzia. Bukatzen ari den udak orain arte Europa osoan jasan gabeko tenperatura altuak ekarri baditu ere, Okzitaniako Tolosako Denak Bat Euskal Etxeko Joaldunak, artilezko jantziez beztiturik joan arren, azpitik gerriari lotutako zintzarri handiekin, ez dira batere kikildu edo atzendu, eta urtero legez, eskualdeko udako jaialdietan parte hartzen segitu dute. Honela, zanpantzar talde jendetsu bat izan zen euskaldunen ordezkaritza nabarmenena udako zenbait jaialditan, tartean Mazamet-eko banden musika jaialdian eta Saint-Gironseko ‘Saint-Girons Autrefois’ izenekoan.
“Udako festetan eta inauterietan zanpantzarrek eskaintzen dituzten ikuskizunak urte osoko lanaren emaitza dira”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Denak Bat Euskal Etxeko Valériek. “Dozenaka lagun biltzen dira eta urtean zehar entseatzen dute, taldeko boluntario baten ardurapean, aire zabalean. Guk ematen dizkiegu jantziak eta materialak eta haiek galtzerdiak eta alkandora baino ez dituzte ekarri behar. Giro ederreko jarduera eskaintzen dute eta Euskal Etxearen erakusgarri berezi eta oso gurea dira", diosku.

Udan zein neguan, Tolosako Denak Baten Joaldunak euskaldunen ordezkari dira
Baina joaldunena ez da Tolosako Euskal Elkarteak garatzen duen kultur ekintza bakarra. Izan ere, eta uda bukaturik, berriro ere irekiko dute dantza eta musika tailerretan –pandero, txistu, eskusoinua– parte hartzeko izena emateko epea. Deialdia adin eta maila guztietako jendeari luzatzen zaio: “Lehen aldiz etortzen direnak berehala talderatzen ditugu; asmoa da lehen momentutik talde baten parte sentitzea; hala ere, bistan da, bakoitzak ikasteko dituen interesak errespetatzen da eta norberak duen erritmoa errepetatzen da”, jakinarazten dute Denat Batekoek.
“Dantza entseguak, beti ere boluntario baten ardurapean, zuzeneko musikarekin egiten dira. Gure lehentasuna da ikasturte hasieratik dantza eta musika oinarrizko programa bat izatea ikuskizunetarako prest egoteko”, argtitzen dute. 2026-27ko tailerrak irailaren 12an hasiko dira, Biltzeko tenorea 15ak izanik. Urtean zehar entseguak larunbatero izango dira eta behar izanez gero, emanaldi jakinen batean aurrean, beste egunen bat ere jarri daiteke. Informazioa, hemen.
Euskara eskolak
Eta kultur eskaintzaren barruan euskara klaseak ere hasiko dira Tolosan. Irailaren 28an eskola irekia antolatuko da ikasleek programa eta irakasleak ezagut ditzaten. Ikasturtea, berriz, urriaren 5ean hasiko da. Gutxienez bi maila eskainiko dituzte: hasierakoa eta bigarren maila. Hala ere, ez dute baztertzen hirugarren bat zabaltzea, ezta mintza-praktika saioak antolatzea, horien beharra baieztatu ondoren. Informazio gehiago, hemen.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



