euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txikien Monitoreentzako Tailerra burutu eta Etxepareren 'Txikiekin' koadernotxoa aurkeztu du FEVAk Buenos Airesen

2026/06/11

FEVAren Monitoreen Formakuntzarako Tailerraren baitan, Arrecifesko Luján Valielak Danborrada tailerra koordinatu zuen
FEVAren Monitoreen Formakuntzarako Tailerraren baitan, Arrecifesko Luján Valielak Danborrada tailerra koordinatu zuen

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Laurak Bat Euskal Etxeak 'Txikien Monitoreentzako tailerra'ri eman dio abegia joan den asteburuan Buenos Airesen. FEVAk antolatutako ekimen honek 16 euskal etxetako 30 lagun bildu zituen, euskara eta euskal kultura etxeko txikienei transmititzeko lanean jarduteko. Topaketa, bestalde, Etxepare Euskal Institutuak argitaratutako "Txikiekin" koadernotxoa aurkezteko baliatu zuten. Argitalpenak hizkuntza modu ludikoan hurbiltzeko baliabideak, jolasak eta abestiak biltzen ditu 18 gai-unitatetan banatuta; agurrak eta gorputza, ipuinak edota inauteriak landuz, besteak beste.

Lan-agenda mamitsua garatu zuten bi egunetako bakoitzean. Larunbata euskarazko eguneroko errutinak finkatzeko ideiak partekatuz hasi zen; ondoren, koadernotxoaren edukiak aztertu zituzten eta txikien jardueren egutegiak diseinatzeari ekin zioten. Arratsaldean, berriz, Danborrada tailerraren bigarren edizioan hartu zuten parte bertaratutakoek, aurtengo txikien topaketetarako proposamenak jorratu zituzten eta haurrentzako moduko pintxo hotzak prestatzen ikasi zuten.

 
Etxepare Euskal Institutuak argitaratutako `Txikiekin´ liburuxkaren aurkezpena  

 
FEVAko Arantxa Anitua, Laurak Bateko José Gutiérrez eta Gabiela Mendia koordinatzailea 

Igandean, taldekako proiektuen erakusgaiak hartu zuen indarra. Atal hau bereziki eskertu zuten parte-hartzaileek. Tailerraren koordinatzaile Gabriela Mendiak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, "Esperientziak eta jakintzak trukatzeko aukera eman zuen, eta baita familiekin egin baina ikusten ez den lana azaleratzeko ere. Izan ere, askotan, familia horiek ez dira euskal etxeko bazkide". Trebakuntza amaitzeko, kirola eta jolasa aniztasunaren ikuspegitik jorratzen dituen 'Txikiak mugimenduan' izeneko modulua egin zuten, azken agur-bazkariaren aurretik.

FEVAko Zuzendaritza Batzordeko Arantxa Anituak bertatik bertara jarraitu zituen bi egunak eta ekimenak euskal etxeen sarean duen oihartzuna azpimarratu nahi izan digu: "Formakuntzarako tailer hauek emaitza bikainak ari dira ematen. Euskal etxeetan erabiltzen hasiak diren material baliotsuak ari dira sotzen, eta monitoreak lan isil eta zehatza egiten ari dira, inklusioaren eta belaunaldi arteko erreleboaren aldeko apustu zuzena eginez”, amaitu du.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia