euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trujilloko Euskal Etxeak haur eta emakumeen aldeko lanekin hasi du 2026a, 'Luz Echeverria' Kultur Etxean tailerrak emanez

2026/03/02

Trujilloko EEak eta Salaverry herriko ‘Luz Echeverria’ Kultur Etxeak bere indarrak batu zituzten 2026 urtearen hasieran
Trujilloko EEak eta Salaverry herriko ‘Luz Echeverria’ Kultur Etxeak bere indarrak batu zituzten 2026 urtearen hasieran

PUBLIZITATEA

Trujillo, Peru. Euskal Etxearen estatutuetan ezarritako balioei irmo eutsiz, Trujilloko Euskal Etxeak, bat egin du lanean hiria buru duen Trujillo probintziako Salaverry herrixkako 'Luz Echeverría' Kultur Etxearekin., behar handietan bizi diren ume eta emakumeen laguntza helburu. Ez da hau Euskal Etxeak zuzenean euskal arlokoa ez den zerbaitetan egiten duen lehenengo elkartasun ekintza, baina bai Kultur Etxe honekin antolatu duen lehena. Eta Euskal Etxeko lehendakari Wilfredo Lizarzaburuk EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, "ez da azkena izango".

Oinarrizko edukiak eskaintzen dizkiete ‘Luz Echeverría’ Kultur Etxearen udako tailerrek bertako neska-mutilei eta beren amei. Aurtengo edizioan, Wilfredo Lizarzaburuk filosofia eta pentsaera kritikoa garatzeko saioak eskaini ditu. Kurtsoen amaieran ere bertaratzera gonbidatu zituzten Euskal Etxeko ordezkariak Salaverry herrira, amaierako desfilean eta azokan parte hartzera, eta umeen artean opari batzuk banatzera. Euskal Etxekoek gustu handiz egin zuten, lankidetza honek aukera ederra ematen baitie euren euskal konpromisotik hondar alea ipintzeko beren inguruko errealitateari


Tailerren azken egunean Kito Chavez eta Wilfredo Lizarzaburu EEaren izenean opariak banatu ostean

“Euskal Etxea sortu genuen momentu beretik oso argi izan dugu gure lehentasunetako bat elkartasuna dela. Hala egin genuen, ahal izan genuen moduan, pandemia garaian eta hala egin dugu pandemiaren ostean, eta gaur egun, beste metodologia batekin, baina helburu eta gogo bera dugu lagun”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Lizarzaburuk, azalduz aldi berean nola sartu ziren harremanetan ‘Luz Echeverría’ Kultur Etxearekin.

“Kultur Etxeko arduraduna den Patricia Ceballos Echeverría gure hitzaldi batera etorri zen eta haren ondotik gonbidapena luzatu zigun euren elkartea ezagutu genezan. Euskal Etxekook begi onez ikusi eta bisitatu genituenean, lan ederra egiten dutela ikustean, geure burua eskaini genien tailerrekin laguntzeko. Udako ekimen hau [momentu honetan udan gaude munduko parte honetan] gure lehenengo aldia izan da, eta balantze ona egiten dugu, eta urtean zehar, egiten dituzten beste ekintza batzuetan ere parte hartzeko asmoa dugu”, azaldu digu Trujilloko Euskal Etxeko lehendakariak.

- Trujilloko Euskal Etxea Facebook-en, Centro Cultural Vasco Peruano de Trujillo (Trujilloko Euskal Etxea)



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia