euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trenque Lauquengo EEak asteazkenean itxiko ditu 2021eko kultura saioak, eta data jarri dio Urte Amaierako Afariari

2021/11/19

Kultur Hitzaldien antolatzaileak
Kultur Hitzaldien antolatzaileak

PUBLIZITATEA

Trenque Lauquen, Argentina. Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-ek Euskal Kultur Ziklo bati ekin zion urrian, bertako Gladiolo Taberna Literarioan, komunitate zabalari irekia. Lehenengo hitzaldia urriaren 13an egin zen, sarbide gisa, eta Euskal Kultura ezagutzen hasteko hainbat gai jorratu zituzten, Luis Lahitte eta Alejandra Bengochea hizlari. Euskal Etxeko euskara irakaslea den Bengochea, hizkuntzaz ez ezik, euskara ikasten Argentinan bizi izan duen prozesuaz ere mintzatu zen.

Bikote berak beste bi hitzaldi eskaini zituen: ‘Euskaldunak eta itsasoa’, urriaren 27an, eta ‘Euskal Herriko mitoak eta erlijioa’, azaroaren 10ean. Aurkezpenetan argazkiak eta musika ere jendaurretu zuten azalpenen lagungarri. Zikloko azken hitzordua azaroaren 24an izango da, datorren asteazkenean, eta gaia ‘Literatura’. Miguel de Unamunoren eta Pio Barojaren poemak irakurriko dituzte eta horren ostean debatean parte hartzera gonbidatuko dute publikoa, bertako lehendakari Susana Echaidek EuskalKultura.eus-i adierazi dionez.


[Luis Lahitte hizlaria]

Laugarren eta azken saioa baino falta ez denean, Susana Echaide oso balantze ona egin du zikloaz: “Saioak asteazkenetan izan dira, eta saiotik saiora gero eta jende gehiago joan da hurbiltzen, gizataldeko jendea, baina baita gizataldekoa ez zena ere, jakinminak bultzatuta. Urte eta erdiz pandemiak ekintzak egitea eragotzita, oso garrantzitsua izan da guretzat jendearekiko tratu hau berreskuratzea. Hurbildu diren lagunen artean Ignacio Martin argazkilaria daukat gogoan; bera Euskal Herrian egona baita eta bere argazkiak erakustera gureratu baitzen”.

Datozen asteei begira, dantza --Abril Velazkoren eskutik-- eta euskara --Alejandra Bengochea arduradun-- klaseekin jarraituko du Euskal Etxeak. Derrigorrezko izapideak ere ari da bideratzen euskal etxeko aretoan ekitaldiak antolatzeko baimena lortze aldera. “Behin lortuta, Kultur Saioekin jarraituko dugu baina gure Euskal Etxean”, jakinarazi digu Echaidek.

“Iaz eta aurten ezin izan ditugu gure ohiko elkarretaratze eta ospakizunak egin; ea datorren urteak proiektu berriak dakartzan eta batez ere gure ‘Urdaiazpiko Jaia’ lehen bezala ospa dezakegun. Zorionez, aurtengo urte amaierako jaiari ipini diogu dagoeneko data; afaria abenduaren 10ean izango da eta menu tipiko bat partekatuko dugu”, iragarri digu Trenque Launquengo Euskal Sustraiak-eko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia