euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pozik dira Puerto Ricoko Euskal Etxean Uharteak lehenengoz errezibitu baitu lehendakari baten bisita

2007/09/11

Puerto Ricoko Euskal Etxeko kideak Ibarretxe lehendakariarekin (argazkia J.Bernardez)
Puerto Ricoko Euskal Etxeko kideak Ibarretxe lehendakariarekin (argazkia J.Bernardez)

PUBLIZITATEA

Puerto Ricoko Euskal Etxeak Juan Jose Ibarretxeren bisita jaso zuen joan den asteburuan eta elkarteko kideak oso pozik agertu dira, hauxe baita lehendakari batek herri karibear honetara egiten duen lehen bidaia. Lehendakaria euskal komunitatearekin bildu zen eta euren bizimodu eta egoerari buruzko galderak egin zizkien hango euskaldun eta euskaldunen ondorengoei. Lehenago Ibarretxe Dominikar Errepublikan izan zen eta bilerak egin zituen bertako agintariekin eta euskaldunekin ere.

Ibarretxe lehendakariak Dominikar Errepublika eta Puerto Rico bisitatu zituen Karibe aldeko burutu berria duen biran. Joan den ostiral eta larunbatean ibili zen Ibarretxe San Juan, Puerto Ricoko hiriburuan. Agenda estua lotu zioten eta bertako euskaldunekin egoteaz gain, Irlako Gobernadorearekin ere bildu eta Puerto Ricoko Abokatu Elkargoaren Urteko Bilkura Nagusian mintzaldia eskaini zuen. Bidaia bukatuta, Puerto Ricoko Euskal Etxeko lehendakari Eduardo Cifuentesek bertako euskaldunek bisita hau nola bizi izan duten kontatu digu.

'Vascos en Puerto Rico euskal etxeko bazkideek Ibarretxerekin izan genuen bilera oso interesgarria izan zen', azaltzen du Eduardo Cifuentesek. Elkarteko hirurogei kide baino gehiago izan ziren San Juaneko Ritz-Carlton Hotelean egin zen harrera ekitaldian. 'Apaltasun handiarekin eta lagunarteko giroan lehendakariak bertaratu ginen guztiak agurtu gintuen eta banan-banan hitz batzuk egin zituen elkarteko kide guztiekin', gogoratzen du Cifuentesek. Ibarretxek mintzaldi labur bat egin zuen, Euskal Herriko egoerari eta etorkizunari buruz, eta ondoren koktel bat zerbitzatu zuten.

Dominikar Errepublikako euskaldunekin

 

Aste hasieran Ibarretxe Dominikar Errepublikan izana zen eta Santo Domingoko euskaldunekin ere bildu zen. Euskal agintariak hiriburuko hotel batean hartu zituen hango euskaldun eta euskaldunen ondorengoak. Lehendakariak Euskal Herrian bakea eta erabakitzeko eskubidea lortzeko prozesuan aktiboki parte hartzeko eskatu zien. Bestalde, Lehendakaria Leonel Fernández Dominikar Errepublikako presidenteak eskainitako afarian izan zen eta Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoko doktore tituluen banaketa ekitaldi batean parte hartu zuen, EHUko Errektorearekin batera. [Ezkerreko irudian Ibarretxek lore sorta bat oparitzen dio Leda Leroux, Jose Felix Olaizola Santo Domingoko Euskal Etxeko presidentearen emazteari (argazkia Jon Bernardez)]

Lotura interesgarriak

Ibarretxe bidaian Dominikar Errepublika eta Puerto Ricora
EuskalKultura.com-en 2007ko irailaren 4ean

Gazteak euskara ikasten Puerto Ricoko Unibertsitatean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko otsailaren 21ean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia