euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pintura, literaturaren inspirazio Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxearen ipuin lehiaketaren zazpigarren edizioan

2024/05/23

“Gure oroitzapenak” (ezk.) eta “Ni eta nire bakardadea” (esk.), Miguel Etxebarria artista plastikoaren bi lanak, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak antolatutako VII. narrazio lehiaketaren gaia
“Gure oroitzapenak” (ezk.) eta “Ni eta nire bakardadea” (esk.), Miguel Etxebarria artista plastikoaren bi lanak, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak antolatutako VII. narrazio lehiaketaren gaia

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak Nazioarteko Narratiba Lehiaketa deitu du bere 129. urteurrenaren baitan. Zazpigarren edizio honetan lehiaketak, nolabait, bi diziplina artistiko uztartuko ditu, Miguel Etxebarria euskal margolariaren bi lan proposatzen baititu gai gisa. “Gure oroitzapenak” eta “Ni eta nire bakardadea” dira eta artikulu hau ilustratzen dute. Narrazioek, gaztelaniaz idatzita, jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta 70 lerro izango dituzte gehienez. Lanak aurkezteko epea irailaren 20an amaituko da, Argentinako 18etan, eta emaitzak azaroaren 5ean jakinaraziko dira.

Oinarrietan adierazten denez, lehiaketak helburu ditu kultura sustatzea eta euren lanak zabaldu nahi dituzten idazleei aukerak eskaintzea. "Euskal kultura ezagutu edo partaide duen jendeak zein Euskal Herriari buruzko inolako noziorik ez duenak parte hartzea nahi genuke. Miguel Etxebarriaren pinturak gai gisa proposatzeak edonoren parte-hartzea bultzatuko duela uste dugu, munduko edozein tokitik", diosku Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeko erreferente Norma Riosek.

Parte hartzeko bide bakarra lana honako helbide honetara posta elektronikoz bidaltzea izango da: concursocuentosiparralde@gmail.com (Oinarriak hemen ikusi). Saria parte hartu duten hiru lan onenen egileentzako diplomak izango dira. Halaber, aipamen bereziko diplomak emango zaizkie beste hiru lani, eta literatura aintzatespenekoak beste lau testuri. Sariketa ekitaldia azaroaren 26an egingo da, Moreno kaleko 1370an, Euskal Etxearen egoitzan. Epaimahaia Carlos Bordagaray, Emilio De Cándido eta Rosa Misciagna Kultura Azpibatzordeko kideek osatzen dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia