euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miguel Etxebarria margolaria Argentinara iritsi da ‘Vascos de allá. Vascos de acá’ bere erakusketa aurkeztera

2017/09/22

Miguel Etxebarriaren bi margolan: "Euskal jai, Aizkolari" eta "Vascos de Patagonia"
Miguel Etxebarriaren bi margolan: "Euskal jai, Aizkolari" eta "Vascos de Patagonia"

PUBLIZITATEA

Miguel Etxebarriaren margolanek Euskal Herriko ohiturak, pertsonaiak, koloreak… adierazten dituzte, Euskal Herri bertako testuinguruan islatuak, edo konparazio baita Argentinako inguruan ere. ‘Vascos de allá. Vascos de acá’ (Hango euskaldunak. Hemengo euskaldunak) erakusketa San Nicolasen eta Buenos Airesen ikusi ahal izango da datozen asteetan. San Nicolasen, Euskal Aste Nazionalaren baitan; hiriburuan, berriz, azaroko azken egunetan, Legislaturan.

Buenos Aires, Argentina. Frantziako erbestean jaio zen Miguel Etxebarria, familia euskaldun batean –sendia Arabakoa du, Baranbio herrixkakoa–, eta Seignosse herrian bizi da, Landetako kostaldean, Baionatik kilometro batzuk iparraldera. Artistak berak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “gerra zibilaren ondorioz, Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen sendi baten ondorengoa naiz. Frantzia espainiartzat hartu gintuzten eta euskara ere galdu genuen”.

Euskal Herrian jaio ez bazen ere, Etxebarriak ez zituen inoiz bere sustraiak ahaztu. Izan ere euskal kulturarekiko miresmena argi ikusten da bere lanetan. Inpresionismoan inspiraturik, euskaltasuna islatzen duten hainbat gairi buruz margotzen du artista euskal frantziarrak oihal gaineko olioz: kostaldea eta mendiko paisaiak, itsasoa eta baserriak, jaiak, mito eta elezaharrak eta eguneroko bizimodua… Eta euskaldunak eta euskal etorkinak nonahi daudenez, Diaspora ere lantzen du eta Argentinako euskal aztarnak ere pintatzen izan ditu Etxeberriak. Are gehiago, ‘Vascos de Patagonia’ (Patagoniako euskaldunak) izeneko serie bat ere badu margolariak bere obren artean.

Erakusketak Argentinan

‘Vascos de allá. Vascos de acá’ Argentinako bi hiritan egongo da ikusgai azaroan. San Nicolasen, azaroaren 6an inauguratuko da, iluntzeko 7etan, eta azaroaren 12ra arte ikusi ahal izango da, 10etatik 22etara, Hiriko Legebiltzarrean (Concejo Deliberante) eta 501. Zenbakiko Arte Eskolan. Buenos Airesen, hiriko Legislaturako ohorezko hall-ean, Peru kaleko 130. zenbakian. Hiriburuko erakusketa azaroaren 27tik abenduaren 1era arte zabalduko da.

Ez da honakoa, ordea, Etxebarriak Argentinara egiten duen lehenengo bidaia. Duela hamar urte ere izan zen Buenos Airesen eta Iparraldeko Euskal Etxea bisitatu zuen. Euskal Argentina taldearen bidez, eta aldi hartan ‘Joaldunak’ izeneko margolana oparitu zion hiriburuko euskal elkarte honi.

Bere lan gehiago artistaren Facebook kontuan ikus daitezke: Miguel Etxebarria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia