euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Lopez lehendakariak 'Lagun Onari' eman zion Nevadako Estatuari atzo bertako unibertsitatean

2010/07/27

Nevadako gobernadoreordea, Brian Krolicki, 'Lagun Onari' sariaren plaka eskuetan duela, Lopez lehendakariak eman berria (argazkia EuskalKultura.com)
Nevadako gobernadoreordea, Brian Krolicki, 'Lagun Onari' sariaren plaka eskuetan duela, Lopez lehendakariak eman berria (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetara hasi berria duen bidaiako lehenengo programapeko egun osoan Nevada-Renoko Unibertsitatea (UNR) bisitatu zuen atzo Patxi Lopez lehendakariak. Goi ikastetxe horretako 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin adimentsuan egoitza duen Euskal Ikasketa Zentroa, UNRko presidentearekin eta bertako goi karguen gidaritzapean ikusi zuen, tartean Bill Douglass, Joseba Zulaika eta Sandy Ott irakasleekin. Horiekin batera, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta euskal ordezkaritzako parte ziren beste zenbait lagun. Goizeko ekitaldi garrantzitsuenean, eraikin bereko hitzaldi aretoan, Jaurlaritzaren eta UNRen arteko hitzarmena berritzea, eta Nevadako Estatuari 'Lagun Ona' merezimendua ematea. Gobernadorea postua uzten ari delarik, Nevadako gobernadoreorde Brian Krolicki-k jaso zuen plaka eta errekonozimendua.

Reno, Nevada, Estatu Batuak. Aurrekoko egunean, igande iluntzean Nevada-Renoko Unibertsitateak John Ascuagaren Nugget hotel-kasinoan Patxi Lopez lehendakariari egin zion harrera ekitaldia izan zen bidaia ofizialeko lehenengo programapeko ekitaldia. Unibertsitateko (UNR) presidenteaz eta goi karguez gain, eta Euskal Ikasketa Zentroko (CBS) arduradunekin batera, euskal komunitateko izen ezagunak hurreratu ziren, gonbidatuta, bertara.

Bere kasinoan zenez ekitaldia, John Ascuaga bera, eta haren seme-alaba eta familia-negozioko kudeatzaile eta zuzendari diren Michonne eta Steven hor ziren, eta aita-alaba mintzatu ziren anfitrioi gisa. Hor ziren baita ere John Garamendi Estatu Batuetako kongresukide kaliforniarra, joan den urte amaiera arte Kaliforniako gobernadoreordea zena; baita haren lagun den Mike Bidart abokatu kaliforniar arrakastatsua ere, eta Reno bertako John Echeverria, zenbait urtez CBSko Aholku Batzordeko buru eta legelari ezaguna; euskal komunitateko izen esanguratsuen artean, Anita Anacabe elkotarra eta bere senar Mike Franzoia, Elko hiriko alkatea; edota Jeanette eta Tony Campos kaliforniarrak, barazki eta fruitu lehor konpainia handi bateko jabe direnak Fresno ondoko Caruthers herrian. Lanean zeudenen artean, Nugget-eko langile legez, Marylou Urrutia bertako euskal etxeko lehendakari ohia...

Lopez lehendakaria Renon

[Nevada-Renoko Unibertsitateak igande gauean eskainitako harrera ekitaldi batekin hasi du Lopez lehendakariak astebetez Estatu Batuetako Nevada, Kalifornia eta Idahora egiten ari den bidaia. Argazkian, Enrike Corcostegui eta Lisa Costegui dantzariak agurra dantzatzen lehendakariari, Sparks-eko John Ascuaga's Nugget kasinoan bere ohoretan egin zen afarian. Bertan zeudenen artean, John Ascuaga bera, Nevada-Renoko Unibertsitateko Glick presidentea eta Unibertsitateko zein Euskal Ikasketa Zentroko hainbat kide eta lagun, tartean Estatu Batuetako kongresukide den John Garamendi eta Mike Bidart eta John Echeverria abokatu entzutetsuak (argazkia EuskalKultura.com)]

Bertan zebilen baita ere Kate Camino, eta bere senar Manny Villanueva. Renoko Udalekuaren arduradun, eta aldi berean Renoko Zazpiak Bat Basque Clubeko lehendakari eta dantza taldeko zuzendari, eta aldi berean Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko bulegoburu izatea eta horrek guztiak dakartzan lanak bildu zaizkio azken asteotan Kate-ri. Igandean, momentu batez, atseden pixkat hartu ahal izan zuen eta bertaratu zirenen oso kritika onak bereganatu zituen afariaz gozatu.

Astelehenean, berriz, Estatu Batuetara hasi berria duen bidaiako lehenengo programapeko egun osoan, Nevada-Renoko Unibertsitatea bisitatu zuen atzo Patxi Lopez lehendakariak. Euskal Ikasketa Zentroaren egoitza den 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin adimentsua UNRko presidentearekin eta bertako goi karguen gidaritzapean bisitatu zuen, gidari zituela baita ere Bill Douglass bertako irakasle emeritua eta CBSko egungo zuzendarikide diren Joseba Zulaika eta Sandy Ott irakasleak. Horiekin batera, bisitari, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta euskal ordezkaritzako parte ziren beste zenbait lagun, tartean Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, eta Deustuko errektoreordea. 

2010 reno lehendakaria 03

[Aretoaren ikuspegia. Presidentzian, Joseba Zulaika CBSko zuzendarikidea, Milton Glick UNRko presidentea, Patxi Lopez lehendakaria eta Brian Krolicki Nevadako gobernadoreordea. Ekitaldia aurkezten, Sandra Ott, CBSko zuzendarikidea (argazkia EuskalKultura.com)]

Ondotik, eraikin bereko beheko partean dagoen hitzaldi aretoan, Eusko Jaurlaritzaren eta UNRen arteko hitzarmena berritu zuten, sinatzaile Patxi Lopez eta UNRko presidente Milton Glick. Ekitaldi horretako presidentzian, Lopez eta Glick-ekin batera, Joseba Zulaika irakaslea eta Nevadako gobernadoreorde Brian Krolicki zeuden. Izan ere, bigarren hau izan zen goizeko momentu garaiena, Lopez lehendakariak, euskaraz, ingelesez eta erdaraz eskerrak eman zizkionean Nevadako Estatuari, euskaldunen alde eta euskaldunak errezibitzen eta haientzat bizileku eta biziak garatzeko leku egokia izaten egindako lanagatik. Aurretik, Bill Douglass antropologo eta CBSko fundatzaileak CBSren historia azaldu zuen. Ondotik Blanca Urgell Kultura sailburuak euskaraz zuzendu zaizkio bildutakoei, Lagun Onari-ren dekretua irakurriz eta zergatiak azalduz.

Gaur San Frantziskon emango du eguna euskal ordezkaritzak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia