euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako Garnervilleko Udalak, Euskal Herriko Ortzaize herri baxenafartarrarekin senidetzea onetsi zuen atzo

2025/12/03

PUBLIZITATEA

Gardnerville, Nevada, AEB. Gardnervilleko Udalbatzak atzo, abenduaren 2an, asteartea, egindako bileran onartu zuen Nafarroa Behereko Ortzaize herriarekin senidetzea, karia horretara aldarrikapen edo proklamazio bat sinatuz. Udal gobernuko kideek nabarmendu zuten, senidetzeak maila lokala gainditzen duela eta berez Euskal Herri osoarekin izateko bokazioa duela, kontuan hartuta loturak historian zehar finkatu direla ortzaiztarrekin eta baita gainerako euskaldunekin ere eta, eta gaur egun, euskal jatorria duten bertako herritarrak eta euren bizilagun ez-euskaldunek ere eurena dutela herrian finkatutako historia, kultura eta ondare euskalduna, bertako guztientzat gauza ezaguna baitira euskal moldeak eta arbaso hauetako herritarrak, apreziatuak eta hurbnilekoak oso. Gardnerville ondoko Mindenen, esaterako, euskal izenako kale sorta bat ere badago, lur haien jabeak euskaldunak ohoratzeko hala izendatuak.

Gogora dezagun Gardnerville —Reno hegoaldean, autoz 50 minutura, Sierra Nevada mendien magalean— tradizio sendoa duen eremu batean dagoela. XIX. mendearen amaieratik, euskal etorkin eta familia ugarik ezarriu dute beren bizilekua hemen. Gardnervillek hainbat euskal hotel izandako herria da, inguruko arrantxuetan asko euskaldunenak dira, eta bere kale nagusi luzean dago, esaterako, JT Basque Bar and Dining Room ikonikoa, Western estiloko establezimendu tipikoa, artzainen ostatu izandakoa, Carson Harana eta Douglass konderria definitzen dituzten euskal eta cowboy tradizio onenak gorpuzten dituena.

JT ostatua, Ortzaizeko Lekumberry familiak erosi zien 1960an beste euskaldun batzuei, eta Lekumberrytarrak segitzen dute kudeatzen. Gaur egun, bilgune izaten jarraitzen du, ez bakarrik bertako cowboy eta turistentzat, eusjkal komunitatreko kideentzat ere baizik. Bertako euskaldunak eta euren ondorengoak, Mendiko Euskaldun Clubaren inguruan antolatutzen dira eta abuztuan ospatzen dute beren besta famatua, eta JT taberna eta jatetxea erdigune eta erreferentzietako bat du. Izan ere,Gardnerville eta bailarako biztanle batzuek bost belaunaldi atzera egin dezakete euren arbaso euskal-amerikarretan eta, aldi berean, JT jatetxean bertan, Marie-Louise Lekumberryk, Gardnervillen bere familia ostatuaz jabetu zen urte berean jaioa, edo bere iloba Etienne Lekumberryk, ingelesez edo euskara peto-petoan agurtu eta zerbitza zaitzateke, Europako Euskal Herriko askok eurentzat nahi luketen euskara ederrean.

Asko dira Gardnerville eta konderrian euskal kultura bertakotzat jotzen dutenak. Lekumberry familiaren kasuan loturak mantendu egin dituzte euren arbasoen sorterriarekiko loturak eta itsasoaren bestaldean, euren familiakoa den bat, Xantxo Lekumberry, da Ortzaizeko Herriko Etxetik senidetze prozesua kudeatzen ari dena. Xantxok zenbait alditan bidaiatu du Estatu Batuetara bere familia estatubatuarra ezagutzearren, eta bidaiak antolatu ditu baita ere Baigorriko Donostei eskolako ikasleekin, bertan irakasle baita, sinetsita atxiki eta areagotu beharra daudela Europako euskaldunon eta zortzigarren probintziakoen artelo loturak, eta garrantzitsua eta emankorra izan daitekeela bi aldeentzat aberastasun hori esploratzea. Gardnervillen, Aline Izoco Elicagaray arduratu da Mendiko Euskaldun Clubetik senidetzea sustatzeaz. Hasieratik askok ikusi zuten begi onez, baliatu beharreko aukera bat bezala. Zorionak Ortzaize eta Gardnerville!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia