euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Naroa Elortegik eta Mikel Ibargoienek Jaialdiko gazteria euskal-amerikarraren berri emango dute "Goazen Boisera!" ekimenean

2015/07/21

Naroa Elkortegi eta Mikel Ibargoien, "Goazen Boisera!" lehiaketaren irabazleak
Naroa Elkortegi eta Mikel Ibargoien, "Goazen Boisera!" lehiaketaren irabazleak

PUBLIZITATEA

Naroa Elortegi gatikarra eta Mikel Ibargoien urnietarra Boiseko Jaialdira joango dira datorren larunbatean, "Goazen Boisera!" lehiaketaren irabazle gisa. Boisen dauden bitartean gazteek Gazteaukera atariaren blogean Jaialdiaren berri emango dute, beti ere gazteen ikuspegitik. Hango gazteek euskal kultura eta nortasuna nola bizi duten kontatuko digute.

Donostia-San Sebastian. Larunbatean abiatuko dira Boise aldera Naroa eta Mikel, "Goazen Boisera!" lehiaketaren irabazleak, eta astebetez Jaialdin gertatzen denaren berri emango dute Gazteaukera atariaren blogean. Bi gazteentzako Estatu Batuetara egiten duten aurreneko bidaia izango da, eta irrikaz daude hango euskal komunitatea ezagutzeko.

Naroak bazuen aldez aurretik Jaialdiaren berri, bere inguruko hainbat lagun aurreko edizioetan izan direlako. "Jende piloa espero dugu, giro polita... baina nahiz eta lagunek hango zeozer kontatu, ezin dut benetan imajinatu zer aurkituko dugun", esan du Naroak.

Handik Jaialdiren berri emango dute, baina ikuspegi berezi batetik: hango eta hemengo gazteena. "Jakin nahi dugu han euskal nortasuna nola jorratzen dute. Eta hemendik joandako euskaldunen oinordekoek, batez ere gazteek, zer garrantzia ematen dioten euskerari, euskal kulturari. Bertatik bertara ezagutu nahi dugu hango euskal mundua zer den", gehitu du Mikelek.

Gazteek egunero argitaratuko dituzte berriak GazteAukera blogean. Hemen da aurrenekoa: 2015eko Boiseko Jaialdi festa ate joka.

"Goazen Boisera!" lehiaketa GazteBizHitza gazteentzeko informazio atariak antolatutako ekimena da.

Irabazleak

Naroa Elortegi gatikarrak 21 urte ditu eta Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua egiten ari da. Kirolaria, txikitatik futbolean aritu izan da. Denbora librean bestelako ekintzak egitea ere gogoko ditu, beste batzuen artean, idaztea. Hau da lehiaketara aurkeztu zuen lana.

Mikel Ibargoien urnietarrak 26 urte ditu. Kazetaria, Infozazpi irratian eta Gaur8 astekarian kolaboratzaile lanetan aritu da. Irratian "Kirol Leihoa" saioa aurkeztu du, Euskal Herriko emakume kirolarien gaineko saioa. Kirola eta jende berria ezagutzea gustoko du. Bere lan saritua, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia