euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako euskaldunak: Jon Sarriugarte, Kaliforniako ‘punk aeroespaziala’, Oinkari dantzari ohia

2015/07/21

Ezkerretik eskumara, Sarriugartek, Kyrsten bere emaztearekin eta Empire of Dirt lantaldearekin batera, diseinatutako ibilgailuak; Jon Sarriugarte bere lantokian; eta Sarriugartek etxean itsatsita duen ikurrina (Irudiak: J.S.)
Ezkerretik eskumara, Sarriugartek, Kyrsten bere emaztearekin eta Empire of Dirt lantaldearekin batera, diseinatutako ibilgailuak; Jon Sarriugarte bere lantokian; eta Sarriugartek etxean itsatsita duen ikurrina (Irudiak: J.S.)

PUBLIZITATEA

Idahon jaioa eta aspaldi Kalifornian bizi den Oinkari ohia, Jon Sarriugarte (Boise, 1963) ez da pertsona komentzionala. Artista da, diseinatzaile eta sortzaile. “Jaialdira joan nahi nuen baina ez daukat denborarik, espaziontzi bat prestatzen bainabil”, azaldu dio EuskalKultura.com-i. Esaldi horrek ere adierazten digu Boise atzean laga eta Kaliforniara aldatu zen erremintari –metalaren magoa– honen izaera eta bizimoduaz.

Oakland, AEB. Kaliforniara 1987an mugitu baitzen Jon Sarriugarte, Eta orduan sortu zuen Form and Reform enpresan jarraitzen du lanean gaur egun. Hamaika gauza egin ditu geroztik, tartean, lantalde ederra sortu: Kyrtsen Mate emaztearekin eta bederatzi urteko Zolie Mae alabarekin batera, beren burua Empire of Dirt (Zikinkeriaren Inperioa) bezala aurkezten duten profesionalekin fantasiazko autoak sortzen ditu. Ezagunena, akaso, orain gutxi Kaliforniako hainbat medioetan agertu den barraskilo erraldoi forma duen Golden Mean, Oaklandeko (San Frantzisko ondoan, badiaren bestaldean) alkate berriak kotxe hori aukeratu baitzuen bere garaipena ospatzeko ibilbidea egiteko, hirian barrena. EuskalKultura.com-ekin solasean aritu da Jon Sarriugarte, Boisen emandako urteei buruz, bere ametsetako lanean jarduteari buruz eta bere euskal jatorriaren eraginaz, besteak beste.

Form and Reform-en webgunean metalez egindako denetarik topa daiteke: erlojuak, ispiluak, altzariak, mahaiak, lanparak… Bai eta fantasiazko ibilgailu imajina gaitzak ere. Gorago aipatu Goldean Mean famatua ez da bakarra. Badaude ere intsektu itxura daukaten Trilobytes-ak, Zeppelin bat eta Suge Bikiak: Europa iparraldeko mitologian oinarrituta, 15 metroko luzera duten eta energia zinetikoari esker mugitzen diren suge koloretsuak.

Produktu txikienak edozeinek eros ditzake, ez baitira garestiak, “baina aspaldi egindakoak dira horiek eta saldu nahiean nabil”, dio. “Gaur egun gama altuko kontuetan nabil lanean; pena da jende askok erosi ezin izatea, baina lan hauetan ari naiz orain”.

Autoak ez dauzka salgai. Horiek Burning Man festibalerako sortu zituen eta beren lan ezagunenak bihurtu dira. Katalogoari begirada sakonagoa emanda, artistaren euskal jatorriaren zantzuak topa daitezke hainbat produkturen izenetan. Restoration Hardware enpresarentzat diseinatu duen San Sebastian lanpara linea, adibidez. “Kaliforniako izen mordoa dago lanparen diseinuetan eta zerbait berezia egin nahi nuen, horregatik hasi nintzen Euskal Herriko herri eta hirien izena ematen diseinuei”. Artistak izen euskalduna ematen die produktu askori nahiz eta, gerora, izen horiekin ez dituzten beti salmentan jartzen. Lanpara linea bati Zaldibar izena jarri zion, bere familiaren jaioterria gogoan, “baina Restoration Hardwarekoek ‘zer da hori?!’ galdetu zidaten”, gogoratu du barrezka.

Euskal amerikarra

Jonen aitona, Eustachio ‘Cecil’ Sarriugarte, "benetako euskal amerikarra" omen zen; errementariak esan digunez, haren gurasoek “Espainian egin eta AEBetan jaio” zelako. XX. mende hasieran emigratu zuen Boisera Cecil-en aitak, Victorrek. Eta handik gutxira, emaztea (Maria Juana) eta seme-alabak batu zitzaizkion zaldibartarrari. Hazten ari zen Boiseko euskal-amerikarren komunitate hartan jaio zen Cecil, 1918ko apirilaren 29an.

Boisetik bertan dagoen Idahoko Emmett herrira joan ziren Sarriugartetarrak, handik urte batzuetara; eta, Cecil gaztea, 14 urte zituela hasi zen artzain lanetan. Euskaldunekin lotutako lana izan bada ere, Cecil izan zen bere sendian hori egin zuen lehena, bere aita, Victor, zerrategi bateko langilea izan baitzen. Emmetten bertan ezagutu zuen Cecilek emazte izango zuen Virginia eta, ezkondu ostean, Washington estatura joan zen bikotea. Jonek dio, baina, Victorrek askotan esan ziola Cecil semeari ikasten jarraitu behar zuela eta, azkenean, bizargin izateko titulua atera zuen Cecilek. “Garrantzia ematen zion ikasketak izateari bere aitak”.

Denbora gutxira aurkitu zuen lana Cecilek leku berrian, ez barberu bezala, ontziola batean baizik. Eta ontziolako lan horri esker ez zen Cecil Bigarren Mundu Gerrara borrokan joan behar izan. Antza, oso beharrezkoak zituzten Europan bertan egiten zituzten barkuak. “Orain urte batzuk –oroitu du Jonek−, Bali-n urpekaritza egiten nengoela, kostaldetik gertu hondoratuta zegoen ontzi bat ikusi nuen eta nire aititek lan egiten zuen ontziola berdinean egina zegoela ikusi nuen. Sekulakoa gauza polita izan zen!”. Gerra bukatu zen urtean, 1945ean, jaio zen Tom Sarriugarte, Jonen aita.

Bere lekuaren bila

Boisen jaio zen Jon, 1961. urtean, eta ikastetxe alternatibo batean ikasi zuen –“oso leku hippy eta ezkertiarra zen”−. Oinkari dantza taldeko kide izan ziren bera eta bere hiru arrebak ere: Seattle-n bizi diren Amy eta Jenny, eta Txekiar Errepublikan bizi den Mali, lau haurride baitziren, bera zaharrena.

Euskal komunitateko kide, Eliza Katolikora joaten zela ere du gogoan, baina giro horretan ez ei zen guztiz eroso sentitzen: “Ez zen sortzailea izateko leku erraza. Errementari izateko ikasi nuen, musika talde bat geneukan, antzerkigintzako hainbat kontu ikasi nituen Boiseko BSU unibertsitatean… Artea gustatzen zitzaidan eta ez zegoen niretzako lan askorik han”.

Erosoago sentituko zen leku baten bila hasi zen, beraz, eta estatu desberdinetan bizi ziren lagun eta senideak bisitatzen hasi zen. “San Frantziskon bukatuko nuela ez nekien. Laurogeigarren hamarkadan ez zen gaur egun den leku interesgarri eta ideia berriei irekia. Laurogeita hamargarren hasieran hasi zen hori”, diosku.

Baina sortzaileentzako leku apropos hori ez zen ezerezetik sortu, Jon eta bere moduko beste hainbatek egin zuten eraldaketa hori posible. Izatez, 1996. urtean, Kraft enpresarena zen 15.000 m2 orube hustu bat erosi zuten zenbait ezagunen artean, artistentzako lantegi bat sortzeko. Bertan egiten du lan Jonek, Empire of Dirt-eko lagunekin batera. Steam-punk, oil-punk… “Gaur egun punk aeroespazialak garela diogu. Modaren arabera aldatu egiten da steam, oil, edo dena delakoa, baina oinarrian punk filosofia dago… Edozelan ere, lagun arteko txantxa da”.

Bere lekua hortxe topatu zuen Jonek azkenean, Oaklanden. Baina horrek ez du esan nahi ahaztua duenik jatorria, ezta gutxiago ere. “Asko gustatzen zait neure kultura nire aititek beti kontatzen zizkigulako kontuak eta euskaldunen izaera propioa aipatzen zituelako beti. Eta eragin handia izan du horrek nigan”. 1980. hamarkadan joan zen Jon Euskal Herria eta datorren urtean edo bi urte barru berriz ere joatea du helburu. Facebook-en ere Sarriugarte abizena dutenen talde bateko kidea da, horietako asko bere senideak direlarik. “Harremanetan gaude”, dio.

Boiseko memoriak

“Boiseko lekurik kutunetakoa (euskal) museoaren parean dagoen etxe txiki hori da”, aitortu du Sarriugartek, izena gogoratu ezin duela. Cyrus Jacobs-Uberuaga etxeaz ari da. “Bai, horixe bera! Hortik gertu bizi nintzen ni baina bota egin dute ni bizi nintzen eraikina”. XX. mende hasierako estetika gustuko duen batek etxe hori izatea leku kutun ez da harritzekoa. Baina agian bere aitite eta amamaren memoriagatik ere izango du kutun. Aitite bakarrik ez, amama ere emakume handia izan baitzen. “Euskara eskolak eman zituen BSUn”, esan du. “Irlandarra eta Alemana zen jatorriz baina euskaraz ikasi zuen, liburu batekin, Boisen bertan. Komunitatearekin harremana izan nahi zuen. Harrituta zegoen jendea, ikasle izatetik irakasle izatera igaro zelako”.

Jon ez da euskaraz mintzateko gai. “Birao hainbat eta izozkia eskatzen dakit”, esan du barrezka. “Unibertsitatera joan nintzen lehen urtean hasi ziren euskal ikasketekin Boisen baina nik ez nuen izena eman. Hala ere badut liburua!”. Zolie Mae alabak ere ez daki euskaraz, baina badu bere jatorriaren berri. Eta plana aurrera ateratzen bada, bere birraitonaren herria ezagutzeko aukera izango du neskatilak, datorren urtean, Jon eta Kyrsten aita eta amarekin batera.

Jon Sarriugarte - Form and Reform
2601 Adeline Street, 133
Oakland, CA 94607
AEB
Webgunea hemen
Facebookeko orria hemen

Restoration Hardware-ek argitaratutako artikulua
San Francisco Chronicle egunkariak argitaratutako artikulua



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia