euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dolua Villegasen, Elsa Alzuri, EEaren sortzaileetakoa eta Nieves Castilloren ama, hil dela zabaldu denean

2010/05/27

"Nabarituko dugu bere hutsunea", esan diote General Villegasen EuskalKultura.com-i joan den maiatzaren 23an Elsa Alzuriri buruz galdetutakoan.
"Nabarituko dugu bere hutsunea", esan diote General Villegasen EuskalKultura.com-i joan den maiatzaren 23an Elsa Alzuriri buruz galdetutakoan.

PUBLIZITATEA

Tristezia eta dolua heldu dira Buenos Aires argentinar probintziako General Villegas herrian zabaldu denean joan den igandean, maiatzaren 23an, Elsa Alzuri hil zela. Izatez eta sentimenduz euskal-argentinarra eta euskaltzale saiatua, Elsa Alzuri 'Villegasko Euskaldunak' Euskal Etxea fundatu zutenetakoa izan zen, eta egunero segitzen zuen eta laguntzen zuen euskal etxearen ibilbide eta lanetan. Bere galera arras sentitu dute ugari zeuzkan lagunek. Oso jende aktibo, engaiatu, eskuzabal eta langilea zen, bere euskal erroak ezagutzen eta lantzen ahalegindutakoa. Duela mende bat baino gehiago Arantza herri nafarretik argentinaratu zen Matias Alzuriren alaba zen. Besarkada tinki bat Elsaren seme-alabei, modu berezian alaba Nieves Castillori, ama bezala euskal etxearen aldeko langile porrokatua. Harro esan dezake Nievesek bere familian 'katea ez dela eten', amaren engaiamendu eta segidak beste bi belaunaldi ukitzen baititu dagoeneko. Goian Bego, Elsa Alzuri, eta euskal kultura eta erroek jarrai dezatela Argentinan eta Villegasen berak ezarritako sendotasunaren bidetik. Mila esker, izeba Elsa (hala deitzen diote euskal etxean eta Villegasen hamaikanaka dauzkan lagun eta diskideek].

General Villegas, Argentina. "Galera izugarria izan da euskal etxearentzat zein euskal gizataldearentzat oro har. Elsa beti egon da hor, euskal etxearen haste-hastetik, izan ere aktiboki hartu zuen parte elkartearen sorreran eta geroztik antolatu izan ditugun ekimen guztietan", adierazi diote EuskalKultura.com-i Villegasko Euskaldunak Euskal Etxetik. Bertako euskal komunitateko zenbait jenderi galdeginik, bat etorri dira guztiak emakume honek egin zuen lana azpimarratzerakoan, beti ere euskal etxearen eta euskaldunen alde, euskaldunen presentzia areagotu, euren eragina bizkortu eta komunitatearen baitan zeukaten pisua indartuz. "Aipatu besterik ez dago, gure dantzarien arropa guztiak berak egindakoak direla, 'izebak' alegia, hala deitzen baigenion", aitortzen du bere aldetik Nekane Olazar, Gral Villegasko euskal irratsaioko arduradun eta esatari denak. "Faltan botako dugu" izan da ezagutu zuten guztien komentario zabalduena.

2010 elsa alzuri villegas 01

[General Villegasko Elsa Alzuri bere biloba Lorearekin jolasean]

Elsa Lucia Alzuri 1940ko urriaren 12an jaio zen La Pampa probintzian, bere aita zelai amaigabeetan puestero gisa lanean ari zela. Horregatik, dio familiakoen kontaketak, Matias Alzuri, Nafarroako Bortzirietako Arantzan sortutako euskaldun peto harek hiru hilabete geroago baizik ez zuen joan ahal zeukan herririk gertuenera eta jaiotzaren erregistroa egin.

Hamabi urte zituela bere aita auto istripu batean hil zen eta horrek marka aldenduezina utzi zion: aitaren sorterriari buruzko istorio behin eta berriro kontatuek Arantzaren izen eta izanera inguratu zuten, Bortzirietara, bere familiara eta batez ere umezurtz gelditu zirenean  galdu zuten anaia gazteenaz, Argentinarako bidean.

Bizitza osoan saiatu zen 'galdutako osabaren' bila, Matias Alzurik eta haren anaia Juanek bilaketa hori sekula bukatu gabe utzi baitzuten. Valentin Castillo Arocenarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten. Gazteena 18 urte zituela izandako istripu batean hil zen, eta senarrak hiru urte geroago jarraitu zion.

Une hartan, duela ia hamar urte, General Villegas hiriak euskal etxea euki zezan aritu zen lanean gogor. Zuen gogo biziak euskara ikastera bultzatu zuen eta bere kasa euskal janari mota prestatzen ikasi zuen, mahaiburukoak batez ere. Pauso horrek euskal gastronomiarako begiak zabaldu zizkion euskal etxeko hainbati, tartean pantxinetak, esne frijitua, euskal pastiza... afari sozialetan zein euskal etxeko beste kide batekin ematen zituen tailerretan.

Urte batzuk geroago, kointzidentziaz, eta inguruko euskal etxe bat medio, galduta zegoen osaba haren semea deskubritu zuen, 90 urteko bilaketaren zirkulua itxiz. Hurrengo urtean, eta familiak biltzeko programa baten bidez, berak bazirenik ere jakin ez zekiela, Gipuzkoan bizi ziren ahaide batzuekiko harremana (berr)eskuratu zuen. Horraino iritsita, bere aitaren sorterrira bidaiatzea baino ez zitzaion falta. Baina ezin izan du, bere bihotza indarrik gabe gelditu baitzen hainbeste borrokatu eta gero, 2010eko maiatzaren 23an.

Bere hiru seme-alabei euskal eta argentinar lurra maitatzen irakatsi zien, bi herrialdeotako tradizioak maitatzen, bere gurasoek berarekin egin bezala, eta bilobei familiaren alde emandako bizi oso baten etsenplua utzi zien opari.

Goian Bego, Elsa Alzuri, 'izena Elsa'.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia