Montevideoko Haize Hegoak urtea amaitu arteko ekimen eta programak aurkeztu ditu: mintzaldiak, Olinpiada...
2007/06/04
Iazko Gabonetako Euskal Ohituren lehiaketan parte hartu zuten neska-mutilak (argazkia Haize Hegoa)
PUBLIZITATEA
Montevideoko Haize Hegoa Elkarteak aurrera darrai bere inguru uruguaiarrean euskal kultura sustatu eta ezagutzera emateko ahaleginean. Datozen hilabeteotan eta urtea amaitu artean prestatu duen egutegian aipa daitezke bere Kultur Zikloaren kultur hedapen hitzaldi sorta berria, partaidetza Immigrazioaren XI Olinpiadan, San Juan gaueko ekitaldia, Eusko Indarra dantza taldearen 25. urteurreneko ekintzak..., beste hainbaten artean.Haize Hegoa Euskal Etxeko Enrique Poittevin lehendakariak eta Danilo Maytía idazkariak elkarteak datozen hilabeteetan egingo dituen ekitaldiak jakitera eman dituzte. Jarduerak joan den maiatzaren 29an hasi ziren, Kultura Zikloko lehen mintzaldiarekin. 'Zugarramurdi: Historia, mitos y leyenda' izan zen gaia eta hizlaria Cecilia Bazzino Aguerre. Mintzaldiak urte osoan hilero, hileko azken ostiralean izago dira Colegio de la Inmaculada Concepción eskolan ('Colegio de los Vascos' gisa ezagutua) eta euren helburua euskal kultura ezagutzera ematea da. Euskal Etxeko kideak izan ohi hizlari eta mintzaldiak argazki eta dokumentalez osatzen dira. Hurrengo hitzordua ekainaren 29an izango da, María Josefa Trucco Aguirreren 'Una vasca bravía' mintzaldiarekin.
Ekainetik abendura egingo den beste ekitaldi bat Euskal Taberna izango da. 'Taberna' honetan euskal etxeko lagunek askari bat egiteko aukera izango dute, beti ere euskara hutsean ahal dela, helburua hizkuntza honen erabilera bultzatzea izango delako. Aldi berean Eusko Indarra dantza taldeko kideek euskal dantzak erakutsiko dizkiete animatzen diren lagunei. Jan-edanak saltzearekin bildutako dirua euskara eta dantza klaseetarako izango da. Giro onak ekainaren 23an jarraituko du, San Juan Gaueko jaiarekin. Elkarteko kideak Peatonal Sarandí kalean bilduko dira gauerdian eta San Juan sua egingo dute. Jende asko biltzea espero den beste ekitaldi bat XI. Immigrazioaren Olinpiada izango da, Montevideoko komunitate desberdinek egiten duten txapelketa. Haize Hegoak joko desberdinetan parte hartuko du.
Haur eskolak jarraituko du
Irailaren 5etik 16ra Haize Hegoak 'Uruguaiko Landa Erakusketa'n parte hartuko du, euskal kulturaren ordezkari izango den stand batekin. Musika, bideoak, euskal liburuak, edariak, artisau lanak, eta Euskal Herriari buruzko informazio ugari emango dute bertan elkarteko kideek. Gaztetxoei dagokienez, elkarteko 'haur eskolak' aurrera egingo aurten ere, Mariel Fernández, Andrea Bella eta Karina Fernandezen gidaritzapean. Eskola doanik da eta haurrei euskara eta euskal kultura ezagutzeko aukera ematen die dantza, joku eta abestien bidez. Klaseak larunbatero dira.
Egutegian aurrera eginez, urriaren 5etik 7ra Haize Hegoa Argentinako Euskal Astera joango da, Rosariora. Euskal Etxea partaidetza hori antolatzen ari da eta bertara joan nahi duenak izena eman beharko du idazkaritzan. Aurtengo beste hitzordu nagusietakoa Eusko Indarra dantza taldearen 25. urteurrena izango da, urriaren 12an. Haize Hegoa dantza jaialdi handi bat ari da prestatzen karia hortara.
Euskal postalak mundurat
Arrakasta handia izan ohi duen beste ekitaldi bat Gabonetako Euskal Ohiturei buruzko lehiaketa da. Aurten X. edizioa beteko du azaroaren 17an. Lehiaketa honetan Montevideoko ikasleek Gabonetako postalak margotzen dituzte, euskal gaiak oinarri hartuta. Gero Euskal Etxeak mundu osoko lagun eta kolaboratzaileei bidaltzen dizkie postal hauek. Honetaz gain, euskara klaseak ere emango dituzte, Unibertsitatean lehen eta bigarren mailakoentzat eta euskal etxean ikasle aurreratuentzat. Esan, bestalde, Haize Hegoak salgai daukala 'Vascos en el Cancionero Folklórico Uruguayo' CDa.