euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Haize Hegoak 35 urte bete ditu euskalgintzan, erronka "tradizioei eustea, iraganean ainguratu gabe" dutela

2023/03/10

Haize Hegoaren urteurren afarira bildutakoen selfie-a martxoaren 3an, euskal kulturaren ikasketa eta hedapenerako zentroaren egoitzan
Haize Hegoaren urteurren afarira bildutakoen selfie-a martxoaren 3an, euskal kulturaren ikasketa eta hedapenerako zentroaren egoitzan

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Joan den astean Montevideoko euskal etxerik gazteenak 35 urte bere zituen, martxoaren 1ean, eta ostiralean, bi egun geroago, ospatu Bolivar auzoan duen egoitzan. Afaldu, eta musika eta dantza protagonista izan ziren, baina kurtso hasiera honetan, lagunak berriro bildu eta elkarrekin partekatzeko bozkarioa izan zuten bertaratutakoek pizgarri nagusi. Uruguain, bertan errotua dagoen eta Euskal Herriarekiko lokarri duten euskal kultura landu eta zabaltzeko konpromisoa berritu zuten, pozez eta alaitasunez beteriko gau batean.

“Ederra izan da berriz elkartzea oporren ostean, 2023ko jardueretan lanean hasteko eta gozatzeko motorrak kargatu baititugu”, adierazi dio Haize Hegoa elkarteko presidente Maite Bengoak Euskalkultura.eus-i. Aurten, Euskal Etxea, bete ohi duen ospakizun eta jaien egutegi tradizionalaz gain, etorkinen taldeek eta haien ondorengoek antolatzen duten Immigrazioaren Olinpiadetan lehiatuko da. Euskal gizataldea partaide izango da Haize Hegoaren eskutik, 1985tik egiten duten bezala.

35 urte hauetan, Haize Hegoak lan ederra garatu du Euskal Herriko kulturaren hamaika adierazpide tokiko komunitateari hurreratu eta helarazten. Besteak beste dantza, musika, euskara, zinema, gastronomia, artea, kirola eta alor gehiagotan, belaunaldien arteko txadaketa ere gogoan hartuz, Euskal Etxeko gazteenei lekua eta ardurak emanez. Geroari so, Maitek onartzen du erronkarik handiena “bizi ditugun tradizioei, atzoko, gaurko eta sortuko diren tradizioei eustea izango dela, baina iraganean soilik ainguratu gabe”, aitortu dio EuskalKultura.eus-i.

Zorionak Haize Hegoa!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia