euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mary (Urresti) Gaztambide hil da Salt Lake Cityn, NABOko lehendakari ohi eta Utahko Euskal Etxeko buruzagi zena

2021/10/15

Mary (Urresti) Gaztambide NABOko lehendakari zelarik (arg Joseba Etxarri)
Mary (Urresti) Gaztambide NABOko lehendakari zelarik (arg Joseba Etxarri)

PUBLIZITATEA

Salt Lake City, AEB. Mary (Urresti) Gaztambide hil da atzo Salt Lake Cityn. Oso pertsona ezaguna eta maitatua zen bizileku zituen Salt Lake City eta Utah-n eta baita Estatu Batuetan ere oro har. Utah-ko Euskal Etxeko eta NABOko lehendakari izana, ororen buru Estatu Batuetako euskal diasporaren aldeko langile bolondres eta pertsona zintzo engaiatua zen, bere senar Jean Gaztambiderekin batera, azken hau 2018an 88 urte zituela zendua. Hondar urteotan buruko batek jo eta gurpil-aulki batean bazegoen ere, bertatik segitzen zuen interes handiz egunero pasatzen zena, baita euskal munduan ere eta euskal elkarretaratzeetan parte hartzen zuen.

Datozen egunetan familiak aterako du heriotz-oharra baina lerro hauetatik esan dezagun Mary Urresti Nevadako arrantxu batean jaio zela Elantxobeko (Bizkaia) Manuel eta Mariaren alaba. Bere bizitza osoa Estatu Batuetako euskal giroetan ibili zen eta ezkondu ere Nafarroa Behereko Arnegitik ameriketaratutako Jean Gaztambiderekin ezkondu zen, seme-alabak eta bilobak ere euskal tradizioetan hazi dituztelarik. Gaztambidetarrak, familia bezala, egungo Utahko Euskal Etxea 1960etan berriz sortu zenean ezinbesteko partaide eta bultzatzaile izan ziren, eta hala segitu dute gaurdaino bere belaunaldi desberdinetan. Euren Murrayko etxea hamarkadetan izan zen EEko biltoki ez ofiziala.


Mary Gaztambide bideoan (2015) hizlari bere seme Marc eta Utahko Euskal Etxeko beste kide batzuekin batera

Mary zenbait aldiz izan zen Euskal Herrian, besteak beste NABOko lehendakari eta delegatu bezala Mundu-Batzarretan. Argentinako FEVAko lehendakari Mariluz Artetxerekin ere bildu zen 2008an San Frantziskon eta ekarpen aktiboa egin izan dio bere euskal etxe, euskal federazio zein nazioarteko euskal munduari. EuskalKultura.eus-en irakurle porrokatua zen eta hainbatetan bidali eta adierazi zituen hitzak proiektuaren sostenguan.

Doluminak bere alaba Denise (Mary) eta seme Danny (Brooke) eta Marc-i (Josette), bere biloba Mikel, Madeleine, Danielle eta Marcel Gaztambideri.

Goian bego (GB), Mary (Urresti) Gaztambide.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia