euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Martxelo Otamendiri AEBetan sartzen uztea eskatu diote bertako gobernuari Idahoko euskal komunitatetik

2010/07/28

Martxelo Otamendi kazetari tolosarra, Berria egunkariko zuzendaria
Martxelo Otamendi kazetari tolosarra, Berria egunkariko zuzendaria

PUBLIZITATEA

Hala esan zuten duela egun batzuk: Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berriako zuzendaria den Martxelo Otamendi kazetariak ezingo zuen Idahoko Jaialdin egon, AEBetan sartzeko baimena bertako gobernuak ukatuta. Geroztik, Idahoko euskal komunitateko kide eta buruzagi ezagun diren Dave Bieter, Boiseko alkatea, eta Pete Cenarrusa, estatu-idazkari ohia, Otamendiren alde mintzatu zaizkio gutun batean AEBetako Espainiako enbaxadariari. Boiseko hiriari eta bertako euskaldunei lotutako ibilbidea daukan Otamendi duela gutxi errugabetu zuen Espainiako justiziak bere kazetari lanari loturik leporatzen zitzaizkion ETAko kide izateko karguetatik, Euskal Herri barne zein kanpoko hainbat kazetari-elkarteek eta giza eskubideen eta bestelako taldeek erabat zentzugabe eta oinarribakotzat jo zuten 'Egunkaria auzia' izena hartu zuen prozesuaren baitan.

Boise, Idaho, Estatu Batuak. Ia segurutzat jotzen da Martxelo Otamendik ezin izango duela Jaialdi 2010ean parte hartu, Jaialdiko lehenengo ekitaldiak dagoeneko hasita zaila baita Estatu Batuetan sartzeko bisatua garaiz iristea. Herrialde honetan sartzeko ezinbestekoa den ESTA (Electronic System for Travel Authorization) papera, internet bidez lortu behar dena Estatu Batuetara bidaiatu aurretik, ukatu egin zioten Martxelo Otamendiri, eta honek orduan, bisatu profesionala eskatzea erabaki zuten, Boisetik Jaialdiko kronikak bidali eta blog bat osatzeko asmoa zuenez. Bisatuari buruzko erantzuna jasotzeak, ordea, aste batzuk har ditzakeela erantzun zioten Otamendiri.

EuskalKultura.com Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin mintzatu zen atzo, bulego horretako arduraduna, Guillermo Echenique idazkari nagusia, Lopez lehendakariarekin San Frantziskon dagoenez, eta honek baieztatu zuen Berriako zuzendaria harremanetan jarri zela eurekin joan den asteko asteazkenean, administrazio estatubatuarraren aurrean ezer egiterik bazuten-edo, eta bere bulegoak hala egin zuela, esan zuen Echeniquek, Jaurlaritzatik "euren eskuetan zegoen guztia egin" zutelarik egoera irtenbidetze aldera, nahiz eta "hau guztia joan den asteazkenean gertatu zen, Jaialdi hasteko astebete baino gutxiago geratzen zela", esan zion atzo asteartea Echeniquek buletin honi, Kaliforniako iluntzeko bederatzi zirela, asteazkeneko seiak Euskal Herriko orduan.

[Gaiari buruzko bideoa, Idahoko 7. kanalak osatua. Irudian, Dave Bieter alkate boisetarra]

Kazetari tolosarrak Dave Bieter Boiseko alkatearen eta Idahoko estatu-idazkari ohi Pete Cenarrusaren sostengua jaso du, Boiseko euskal komunitateko buruzagi diren bi euskal-amerikarrok gutuna bidali diotelarik Estatu Batuetako Madrilgo enbaxadariari Martxelo Otamendiren eskakizuna sostengatuz, eta bere alde hitz eginez arazo honen aurrean. Beste jende talde bat ere mugitzen hasi da Boisen norabide berean, elkartasuna adieraziz kazetariari.

Martxelo Otamendik zalantzarik ez du izan arrazoi politikoak ikusterakoan jarrera honen atzetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia