euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Londresko Euskal Elkarteak ekimen bat abiatu nahi du urrian bere umeek euskara aisialdi talde batean praktika dezaten

2021/08/03

Artxiboko irudian, Porrotx pailazoa Londresen. bertako haurrei bisita egin zienean 2012an
Artxiboko irudian, Porrotx pailazoa Londresen. bertako haurrei bisita egin zienean 2012an

PUBLIZITATEA

Londres, Ingalaterra. Ez da hau kezka berria, bereziki Euskal Herriko bikote gazteak dauzkaten munduko euskal etxeetan: kalean eta eskolan erdara bat nagusi duten testuinguru batean, etxeko hizkuntza daukaten euskarari nola arnas apur bat eman, batez ere euskarari aisialdi dimentsio bat emanez eta euren edineko lagunekiko jolas eta harremanen hizkuntza bilakatuz, aukera hori eskainiz bederen, tarteka ez bada ere.

Proposamena Londresko Euskal Elkartearen eskutik dator eta uda ondoren nahi da abiarazi. Arduradunek iragarri dutenez, "urritik aurrera, umeentzako euskara praktikatzeko aisialdi talde bat antolatzeko asmoa dugu hilean behin". "Ekimen hau, Londresen eta Ingalaterra hegoaldean bizi diren ume euskaldunen euskara sustatzeko egitea pentsatu dugu, ez baita erraza gurasoekin bakarrik hitz egiten den hizkuntza bati umeek behar den adinako jarraipena ematea, hizkuntza hori hitz egiten ez den tokian", aitortu dute, arazo definituz, baina aldi berean egiten duten proposamena planteatuz.

"Islingtongo eskola batean izango da, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 4etara, bestelako xehetasunak zehazteke". "Euskara irakaslea eta adinei egokitutako aktibitateak izango dira".

Hauxe proposamena. Zeu kasu honetan bazaude edo honetan interesa izan dezakeen gurasorik ezagutzen baduzu, idatzi mesedez ahal eta lasterren  londonbasquesociety@gmail.com helbidera.

Guztien sostengua mereziko lukeen aktibitate eta proposamena izan daiteke. Baita bestela ere laguntzeko ere, edo zure euskal etxeko eskarmentu edo materiala partekatzeko. Aldez aurretik mila esker.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia