euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxeak Hargatik bere berripaper elebidun interesgarriaren 88. alea plazaratu du

2013/06/04

Hargatik berri buletinaren 88. alearen azala
Hargatik berri buletinaren 88. alearen azala

PUBLIZITATEA

1995ean hasi zen La Platako Euzko Etxeko Euskara Taldea 'Hargatik' buletina argitaratzen, eta harrezkero, kosta ala kosta, ez dute hutsik egin irakurleekin ipinitako hitzorduan. Berripaper hau oso ekimen berezia da Argentinako diasporan; izan ere, oso presentzia duin eta garrantzitsua eskaintzen dio euskarari eta albiste gehienak euskaraz zein gaztelaniaz datoz. "Euskara komunikabide gisa erabiltzea, ez dakitenen aurrean gure hizkuntzarekiko jakin-mina piztea eta zerbait dakitenentzat dakiten horri eustea da gure helburua", azaldu dio, euskaraz, EuskalKultura.com-i La Platako Stella Maris Iturbidek. "Ahaleginak merezi duelakoan gaude", diosku euskaltzale laplatarrak.

La Plata, Argentina. Hamabost urtetik gora darama La Platako Euzko Etxeak bere ekimenen berri Hargatik aldizkariaren bidez ematen, paperean zein interneten. Berripapera etxeko Euskara Taldeak egiten du eta nabaria da ezaugarri hau euskal hizkuntzak buletinean duen leku duinagatik; izan ere, artikulu gehienak euskaraz zein gazteleraz datoz, Diasporan eta Euskal Herrian ere maizegi berez sortzen ez den jarrera konprometitu baten emaitza.

Elkarteko kide eta EuskalKultura.com-eko lagun eta irakurle dugun Stella Maris Iturbidek azaltzen digunez, aldizkaria gehienbat euskal etxeko Euskara Taldeak egiten du, baina beti ere, bazkide, lagun eta zuzendaritza batzordeko kolaborazioak ere tarteko. "Batzuetan,  baliteke kolaboratzaile pare batek artikuluren bat Euskal Herritik bidaltzea, hizkuntza bietan edo euskaraz bakarrik. Azken kasu honetan, gaztelaniara ere ekartzen dugu; beste batzuetan, ikasleek edota irakasleek idazlanak eta materiala prestatzen digute eta argitaratzen dugu", dio. 

Aldizkaria La Platako Euzko Etxearen webgunean --www.centrovasco.com-- irakur daiteke, Euskara atalaren baitan. Stella Maris-ek azpimarratzen du gustura hartuko lituzketeela kolaborazioak, eta inork euskal gaiei buruzko artikulurik argitara eman nahi izanez gero, eurekin harremanetan jartzea besterik ez duela, emaila honako helbidera bidaliz: euskarataldea@yahoo.com.ar.

-Hargatik aldizkariaren 88. alea PDF formatoan jaisteko, jo hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia