euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Etxarri, Diasporaz eta sareaz: "Hurbil eta urrun kontzeptuak aldatu egin dira internet dela medio"

2010/11/04

ETBko 'Nick dut Nik' saioan Joseba Etxarriri egin zioten elkarrizketa sarean ikusgai (argazkia NickDutNik.com)
ETBko 'Nick dut Nik' saioan Joseba Etxarriri egin zioten elkarrizketa sarean ikusgai (argazkia NickDutNik.com)

PUBLIZITATEA

Sarean da jada ikusgai joan den astean 'Nick dut nik' ETBko saioak Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendariari egin zion elkarrizketa. Internetek Diasporari ekarri dizkion aukera berrien inguruan gogoeta egiten du bertan. Eta Diasporak atzerritik euskal kulturari (orokorrean, ez guri bakarrik!) egiten dion ekarpena ere errebindikatzen du. "Askok entzun dugu euskarak atzerrian ez duela balio. Bada, ni ibili naiz esaterako Australian eta Hego eta Ipar Ameriketan, eta euskarak balio izan dit, euskaraz egin didan jendea aurkitu dut", adierazi du.

Donostia-San Sebastian. Ia hamar urte daramatza EuskalKultura.com-ek sarean --aintzindari izan ginen!-- eta hasierako e-mail soil eta argazki eskaneatuetatik egungo facebook eta kamera digitaletara, jauzia handia izan da. Joseba Etxarrik 'Nick dut nik' ETBko saioak eginiko elkarrizketa honetan internetek Diasporari eta orokorrean euskal gizarteari ireki dizkion bide berriei buruz egiten du gogoeta.

"Urrun eta hurbil kontzeptuak aldatu egin dira internet dela medio. Australian egiten den zerbaiten berri berehala jaso dezakegu gaur egun", dio. "Guk euskal kulturaren eremuan atzerritik egiten den ekarpenaren berri ematen dugu". Besteak beste EuskalKultura.com-en helburua munduko euskaldunen artean zubilana egitea dela ere gaineratzen du: Argentinako eta Kanadako euskaldunen artean, Txina eta Mexikoko euskaldunen artean, Euskal Herriko eta munduko euskaldunen artean, azken finean, euskaldunok elkarren berri izan dezagun eta munduak euskaldunen berri izan dezan.

Ezta lan makala, baina munduko bazter guztietan (ia-ia) ditugu korrespontsalak: gure irakurleak!

Milesker denoi eta segi zuen berri bidaltzen!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia