euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Andoni Irazustaren 'Bizia garratza da' elaberria, erbesteratutako bi anaien istorioa, sarean irakurgai

2007/11/02

Jon Andoni Irazusta euskal politikari eta idazlea
Jon Andoni Irazusta euskal politikari eta idazlea

PUBLIZITATEA

Armiarma.com webguneak sustatzen duen Klasikoen Gordailua atalak liburu berri bat jarri du sarean, munduko euskal irakurleentzat eskuragarri: 'Bizia garratza da', Jon Andoni Irazusta tolosarraren eleberria. Gerratik ihesi Ameriketara bidaia egiten duten bi anaien istorioa kontazen da bertan. Irazustak berak ederki ezagutzen zuen esperientzia hori, 36ko guda ondoren erbesteratu eta Puerto Rico, Kolonbia, Argentinan eta Perun bizi izan baitzen.

Donostia-San Sebastian. Klasikoen Gordailuak sarean jarri du Jon Andoni Irazustaren 'Bizia garratza da' eleberria. Armiarma.com-eko arduradunen ustetan 'merezi ez duen ahanzturan eduki izan dute azterlari gehienek Jon Andoni Irazusta idazlea' eta argitalpen honekin irakurleei politikari eta idazle honen lana ezagutzeko aukera eman nahi diete. 1884an Tolosan jaio zen Irazusta eta Zuzenbidean eta Politikan aritu zen. Madrileko Gorteetan diputatu izan zen hiru aldiz. Baina 1936ko gerrak erbesterako bidean ipini zuen. Orduan Puerto Rico, Kolonbia, Argentina eta Peruraino eramango zuen bideari ekin zion. Liman hil zen 1952an.

Argentinan egin zituen urteak izan ziren literatura aldetik oparoenak. 1946an heldu zen herrialde honetara eta lehendabizi Buenos Airesen eta ondoren Cordoban lekutu zen. Bertan idatzi zituen 'Joañixio' eta 'Bizitza garratza da' eleberriak, eta Buenos Aireseko Ekin argitaletxeak plazaratu zituen 1946en eta 1950an, hurrenez hurren. Irazusta 'Antzerti' aldizkariaren sortzaileetako bat ere izan zen eta antzezlan bat euskaratu zuen.

Aipaturiko bi eleberriak erbesteari buruzkoak dira. Lehenak erbeste ekonomikoaren gaia du. Armiarmak azaltzen duenez, '1946an Ekin argitaletxeak 'Joañixio' argitaratzean lehenengoetariko euskal eleberri errealistarekin egin genuen topo. Ohiturazko eleberriaren kontrara 'Joañixio'-ren protagonista benetako gizarte bateko partaidea da, ez gizarte-ideial batekoa'. Errealitatearen bidetik jotzen du baita ere 'Bizia garratza da...' eleberriak, gerrari ihesi Ameriketan bizitza berregin nahi duten Ander eta Andoniren istorioa kontatzeko.

Lotura interesgarriak

'Bizia garratza da' irakurtzeko
Klasikoen Gordailuan

Informazio gehiago Jon Andoni Irazustari buruz
Literaturaren Zubitegian

Oscar Alvarez Gilaren artikulu bat Irazustari buruz
www.cervantesvirtual.com



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia