euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaialdi 2025: Pradales lehendakaria buru duen ordezkaritza eta erakunde ordezkari gehiago bilduko dira Boisen

2025/07/23

Azken Jaialdiko irudia (2015). Orduan Bizkaiko foru diputatu zen Imanol Pradales agertzen da (bigarrena eskuinetik), orduan diputatu nagusi zen Unai Rementeriaren ondoan (lehena eskunetik), Boiseko bero itzelari ura edaten aurre egin nahirik
Azken Jaialdiko irudia (2015). Orduan Bizkaiko foru diputatu zen Imanol Pradales agertzen da (bigarrena eskuinetik), orduan diputatu nagusi zen Unai Rementeriaren ondoan (lehena eskunetik), Boiseko bero itzelari ura edaten aurre egin nahirik

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Lehendakariaren presentzia Jaialdin klasiko bat da Boisen. Ez dute huts egin urteetan zehar Ardanza, Patxi Lopez edo Urkullu lehendakariek, ezta ere euren gobernuetako hainbat sailburu eta partaidek, bertaratzen eta auren presentziarekin sustatzen eta elkar-partekatzen elkarretaratze handi hau, 1987an lehenengoa egin zenetik —1990tik aurrera bilakatu zen bost urtean behin egitekoa— hazi baino egin ez dela. Imanol Pradales bera datorren astean abiatuko da Boisera, lehenengoz lehendakari bezala, baina memorian duela azkeneko Jaialdin, Bizkaiko Foru Aldundiko Garapen Ekonomiko diputatu bezala joan zenekoa, orduan diputatu nagusi zen Unai Rementeriarekin bertara bisitari.

Lehen mailako ordezkaritzaz bertaratuko da Eusko Jaurkaritza, baita Bizkaiko Foru Aldundia ere; erakunde ordezkari gehiago bilduko dira, alderdietakoak, udaletakoak, artista eta kirolariak...

Pradales lehendaria buru bertaratuko da Eusko Jaurlaritza. Lagun izango ditu lehenengo lehendakariorde eta Kultura sailburu Ibone Bengoetxea eta, besteak beste, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusi Ander Caballero eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano Astigarraga, teknikari Benan Oregi ere bertan. Etxepare Euskal Institututik, Irene Larraza zuzendaria izango da partaide, Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Monika Madinabeitia, eta Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi. 

Boise, Gernikarekin senidetua

Bizkaiko Foru Aldundia ere urte hauetan Jaialdira hutsik egin ez duen erakundea izan da, harreman estua baitu Boiseko euskal komunitatearekin eta bertako euskal mundua osatzen duten erakunde eta elkarteekin, ez baita ahaztu behar 'Zuhaitzen Hiria' deitzen duten honetan egoitza daukatela Euzkaldunak Euskal Etxeak, Euskal Museo eta Kultura Etxeak, Boiseko Ikastolak, Biotzetik abesbatzak, Oinkari Dantza Taldeak eta gaztetxoen talde gehiagok, Oñati dantzariek, Txantxangorriak musika eskolak, BSU Unibertsitateko Euskal Ikasketa programak... eta Gernikarekin senidetutako hiria dela Boise. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritzak Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia izango du buru eta bidaiakide Kulturako foru diputatu Leixuri Arrizabalaga. Gernikako udal ordezkari bertaratuko dira Iñaki Gorroño alkateordea eta bi zinegotzi, Iñigo Magunagoikoetxea eta Ziortza Bilbao, azken hau Kultura zinegotzia.

Bestelako erakunde eta maila instituzionaletako ordezkariak ere Boiseratuko dira, ordezkari politikoak eta alderdietako hautetsiak, tartean jeltzaleak eta HB Bildukoak. Harrera eta elkarrizketa instituzionalek Idahoko gobernadore Brad Little baitaratuko dute, Boiseko alkate Lauren McLean eta buruzagi politiko, unibertsitari eta kulturalak, eta Pradales lehendakariak eta Bizkaiko Foru ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek harrera-ekitaldiak eskainiko dizkiete bertako euskaldun eta bizkaitarrei. Pradalesek BSU Unibertsitateko Zortziak Bat Sinposioan hartuko du parte eta bi ordezkari instituzionalak NABOren Biltzar Nagusian hitz egingo dute.

Lehen lerroko euskal musika taldeak jendaurretuko, bertsolariak, kale animazioa... baita programatik kanpo ere, hala nola 'Taberna Ibiltaria' bera edo Maider Bedaxagar xiberotarra

Euskal Herritik etorritako artisten artean, Gatibu, Neomak eta Xabi Aburruzaga igoko dira oholtzetara; baita Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya bezalako bertsolariak ere; dantza alorreko Arkatz Dantza Talde añorgatarra eta Tio Teronen Semeak. Hori, programa ofizialari bagagozkio, Euskal Herritik hurreratuko den jende andanaren artean partaidetza baieztatu baitiote buletin honi 'Taberna Ibiltaria'ko lagunek, ederto egiten duten animazio lana egiteko, "Euskal Herriko beste edozein festatan egiten dugun legez"; Hamaika Buru Txistulari taldea bere bandarekin etorriko da, eta solemnitatea ekarriko dio 'Zortziak Bat' Sinposioko sari-emate zeremoniari sarrera eta irteerari, Boiseko kaleetan musika ipintzearekin batera; eta Euskal Herritik etorritako ahots eta musika gehiago, hala nola Maider Bedaxagar kantari xiberotarraren kasua, partaide baita ere 'Zortziak Bat'en zein Boiseko kaleetan barrena euskal kantu tradizioen lekukotasuna emanez.

Ez ahaztekoa, pilotaren —beste leku batean egin diogu lekua— eta herri kirolen alorrari, azken hauek berezko gau nagusi berezia daukatela 'Sports Night' delakoan, Idaho Central Arena betez. Euren artean, gizon-emakume aizkolari, harrijasotzaile, trontzalari, lasto-jaurtitzaileak-eta, honako zerrendarekin Inhar Urruzuno, Iker Vicente Saralegi, Mikel Lopetegi, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa, Kerman Pérez de Heredia, Jose Martin Bustintza, Nerea Egurrola, Nerea Arruti, Karmele Gisasola 'Zelai', Gari Garmendia eta Paulo Azpiazu.

Txaloa bertako artista eta bolondresei

Eta beti gogoan izateko zerbait. Euskal Herritik etorriko den presentzia eta partaidetza hau guztia zinez ongi etorria da Jaialdin, gonbidatu dituzte. Baina eurak bezain txalo zaparrada handia, agian handiagoa, merezi dute urtean zehar eta Diasporako geografian barrena astero, hilabetero eta urte osoan zehar bakoitza bere euskal klub txiki edo handian euskaltasunaren, euskal dantza taldearen, musikaren, euskararen, abesbatzen, unibertsitate-lanen edota pilota partiden segidari eutsi eta euskal kultura eta konpromisoaren sua atxikitzen dutenek, Euskal Diaspora deitzen dugun horri arnasa eta geroa ematen dietenek, posible eginez hainbati, Boisen Zortziak Bat deitu duten Sinposioak unibertsitate-alorretik aldarrikatzen duenez, Euskal Herritik hamar mila kilometrora etxean bezala sentitzea, euskaraz, euskal kantuz, dantzaz, giroz, interesez, familia bereko partaide. Egunotan bisitari bazara Boisen, esaiezu, txalotu itzazu, susta itzazu, euren emaitzak izerdi askoren fruitu baitira, apreziatuko baitituzte zure lau hitzok: Zorionak eta eskerrik asko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia