euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ischigualasto edo Ilargiaren Haranera iritsi da ikurriña, San Juango Euskal Etxekoak medio, Andeen magalean

2009/01/23

Ischigualastoko Parkea, euskal bisitariak eta ikurriña
Ischigualastoko Parkea, euskal bisitariak eta ikurriña

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian elurrak, hotzak eta neguko aroak gogor jo badu ere azken asteotan, munduan euskaldunik eta euskal komunitaterik dagoen beste toki batzuetan ez da gauza bera gertatzen ari. Bai Ipar Ameriketan, ez ordea Hego Ameriketan, hala nola Argentinan, Txilen, Uruguain eta Hego Hemisferioko beste zenbait herrialdetan, uda bizi baitute orain eta bertan urtarrila eta otsaila eguzkipeko opor hilabeteak izan ohi dira urtero. Horixe adierazten digu Argentinatik, Andeen magaleko San Juan probintziako San Juan hiriburuko Euskal Etxetik Carina Oyolak bidali digun gutunak.

Ischigualasto, Argentina. Bisita izan dugu San Juango Euskal Etxean. Andeen magalean, San Juan probintzia argentinarreko hiriburua da San Juan. Hego Hemisferio honetan opor garai peto-petoan gaudela baliatuz, Argentinako hainbat euskal etxeetan euskara eta euskal kultura irakasle ibiltari ari den Patricia Tamayo gasteiztarra San Juanera inguratu da eta San Juan probintziak duen gauzarik ederrenak erakutsi nahi izan dizkiote bertako euskaldunek. Honela bisitatu dute Ischigualasto, edo Valle de la Luna (Ilargiaren ibarra edo harana) gisa ezagutua den parke naturala. "Gizateriaren Ondare" aitortua dute eremu hau eta aberastasun paleontologiko handikoa da, fosilak nonahi topa daitezkeelarik.

Bidaia Ischigualastora Patricia Tamayo bisitari 02

[Patricia Tamayo bisitariari San Juan Probintziak eta bere Andeen inguruko eremuak dauzkan leku ikusgarriak erakustea da gauza. Erakutsitakoen artean, Valle Pintado edo Haran margotua izenekoa]

Bidaia Ischigualastora Patricia Tamayo bisitari 03

[Eta taldean pilotazalerik badago, zer gauza hoberik Cancha de las Bochas edo Piloten Kantxa ikustera abiatzea baizik? Ikusgarriak bertako harrizko pilotak]

Cicerone gisa Patricia Tamayorekin Ichigualastoraino heldu diren euskaldunek, euskaldun zirela nahi izan dute azaldu eta ikurriña eta guzti egin dute parkerako bisita, argazkietan ikusten denez. Turistek galdegiten zuten zein herrialdekoa zen bandera txuri-gorri-berde hori, eta hori entzunik euskaldunen taldeak berretsi egin dio bere buruari, oraindik lan handia behar dela egin munduan jakin dezaten euskaldunak badirela.

Bidaia Ischigualastora Patricia Tamayo bisitari 04

[San Juango Euskal Etxeko ordezkaritza Valle de la Luna edo Ilargiaren Haranean Patricia Tamayo bisitariarekin, ikurriña eta bandera argentinarra eskuetan]

Bidaia Ischigualastora Patricia Tamayo bisitari 05

[Argazkian, Ofelia Larrea Euskal Etxeko Kultura arduradunaren eskutik eginiko afari eta afalostea, Patricia Tamayoren ohoretan eginiko ekitaldia. Euskal dantzak irakatsi dizkie bertan egon den bitartean irakasle gasteiztarrak bertakoei]

Hala idatzi digute San Juandik gutunean. Geoforma berezi hauekin eta pilotazaleentzat leku erakargarria dirudien eremu honen argazkiekin osatu dugu kronikatxo edo artikuluska hau. Argentinan ez dezala sobera bero egin, eta Euskal Herrian eta beste leku batzuetan ez sobera hotz!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia