euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sanz presidentea Pennsylvaniako gobernadorearekin bildu zen energia berriztagarriei buruz hitz egiteko

2009/01/22

Nafar ardoen aurkezpena, joan den asteazkenean, New Yorkeko 40. kaleko Bryant Park Grill jatetxean, "zezenekin korrika" lelopean, partaideak zapia lepoan
Nafar ardoen aurkezpena, joan den asteazkenean, New Yorkeko 40. kaleko Bryant Park Grill jatetxean, "zezenekin korrika" lelopean, partaideak zapia lepoan

PUBLIZITATEA

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea Edward G. Rendell Pennsylvaniako Estatuko gobernadorearekin bildu da energia berriztagarriei buruz hitz egiteko, Estatu Batuetako V. Nafar Astean parte hartzen ari den nafar ordezkaritza ofizialak daraman bisita programaren baitan. Sanzekin batera bere gobernuko zenbait kontseilari eta kide eta, besteak beste, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea partaide duen ordezkaritzak nafar ardoen sustapenerako ekitaldi batean ere hartu zuen parte asteazkenean, "zezenekin korrika" lelopean, New Yorkeko jatetxe batean.

New York, AEB. Miguel Sanz Sema Nafarroako Gobernuko presidentea Edward G. Rendell Pennsylvaniako Estatuko gobernadorearekin bildu zen joan den asteazkenean, energia berriztagarriei buruz hitz egiteko. Izan ere, gobernadorearen bigarren agintaldiko helburu nagusietako bat energia berriztagarrien garapena izanen da. Estatu Batuetako Nafarroaren Astearen bosgarren edizioan parte hartzen ari den ordezkaritza instituzionala egiten ari den ekitaldien esparruan kokatutako topaketa izan zen atzokoa, hain zuzen.

Bileran José María Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak eta Yolanda Barcina Iruñeko alkateak ere parte hartu zuten, eta Foru Komunitatean sustatzen diren etxebizitza bioklimatikoetako energia aurrezpenari buruzko datuak eman zituzten. Aldi berean, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren eta Pennsylvaniako Unibertsitatearen artean lankidetza hitzarmenak negoziatzeko proposatu zuten.

Gamesa eta energia berriztagarriak

Rendell gobernadorearekin bildu aurretik, Sanz presidentea, Roig kontseilaria, Barcina alkatea eta Jose María Aracama SODENAko (Nafarroako Garapen Sozietatea) zuzendari nagusia Guillermo Ulacia Gamesako presidentearekin eta Luis Miguel Fernández eta Emmanuel García enpresako zuzendariekin bildu ziren, Filadelfian. Gamesa munduko buru da energia berriztagarriekin zerikusia duten teknologietan, eta topaketan Nafarroaren eta Gamesaren arteko lotura estua ekarri zuten gogora. Gamesak lau ekoizpen zentro (Pennsylvanian), merkataritza ordezkaritzak (Texasen eta Missourin), 1.100 langile eta 900 megawatteko potentzia ditu gaur egun Estatu Batuetan.

Energia berriztagarrien sektoreko nafar enpresak nazioartekotzeko sostengu formulak aztertzeko ere balio izan zuen bilerak. Hala, Barack Obama presidente berriarekin Estatu Batuetan abiatu den etapa berria baliatu ahal izanen dute enpresa horiek; izan ere, Obamak energia berriztagarrien aldeko apustua egin du. Hori dela-eta, eskariak gora egin dezakeela aurreikusita, Ipar Ameriketan bertan haize-sorgailuen osagai gehiago ekoizteko asmoa du Gamesak.

Nafarroako ardoaren festa

New Yorkera bueltan, Sanz presidenteak eta Barcina alkateak Nafarroako ardoaren festan parte hartzen ari ziren ehunka lagun agurtu zituzten. Zapi gorria lepoan zutela eta musika banda batek alaituta, ehunka lagunek 40. kaleko "Bryant Park Grill" jatetxea leporaino bete zuten, "zezenekin korrika" (corriendo con los toros) lelopean egin zuten festan.

Nafarroako hogei upategi ari dira parte hartzen aurten Merkataritza Ganberak, SODENAk eta "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileak antolatu duten merkataritza misioan. Hala, gonbidatuek upategiotako ardoa dastatu ahal izan zuten, eta baita Cintruenigoko "Maher" jatetxeko Enrique Martínezek eta haren sukaldari taldeak egindako pintxoak ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia