euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Euskal Herriko MMX kantari hirukotea, Maialen, Mixu eta Xabaltx, Argentinan da euskal etxeetan kantari

2008/10/24

MMXko kideek joan den astelehenean afalondotik Buenos Aires-ko Iparraldeko Euskal Etxean (CVF) eman zuten kontzertu informalean (argazkia Norma Rios)
MMXko kideek joan den astelehenean afalondotik Buenos Aires-ko Iparraldeko Euskal Etxean (CVF) eman zuten kontzertu informalean (argazkia Norma Rios)

PUBLIZITATEA

Hiru kantari gazte dira, baina euren gaztetasunak ez die ibilbide oparoa izatea eragotzi. Aspaldidanik zeukaten Ameriketako euskaldunengana hurbiltzeko guraria, eta azkenean gauzatu edo obratu dute nahikeria, joan den astelehenetik baitabiltza Buenos Aires aldean, bidaian euskal etxe multxo polita bisitatu eta euren kantuez agurtzeko asmotan. Gaur bertan hiriburu argentinarreko Mexiko 1880ko Euskal Egoitzan kantatuko dute, gaueko bederatzietatik aurrera, Euskaltzaleak taldearen eskutik. Bihar, berriz, Iparraldeko Euskal Etxeko (CVF) 'Piperraren Pesta' edertuko dute euren doinu eta erritmoekin, gaueko bederatzi t'erdietatik aurrera. Datorren astean, La Platako Euskal Aste Nazionalera doaz.

Buenos Aires, Argentina. Bizitasuna, garaikidetasuna, bizitzaren aurreko ikuspegi koloretsua, gaztetasuna, irekiera musika eragin eta iturri anitzeri, euskal erroak eta rocka, folka, blues, gospela eta pop-rocka praktikatzea dira batek, biak edota hiruek dauzkaten ezaugarriak. Maialen Errotabeherek, Mixu Mixelenak eta Pantxoa 'Xabaltx' Bergarak osatzen dute MMX hirukotea, gehienbat Ipar Euskal Herrian ezagutua dena eta aste honetatik aurrera Argentinako euskal eremuetan ere zeresana emango duena.

Hiruak bi hitzetan aurkeztearren, Maialenek pare bat disko dauzka bakarka eta bere ahots izugarri eder eta malguak entzule asko zoratu arazi ditu; Mixu Mixelena, berriz, Sustraiak euskal rock talde ezaguneko partaide gisa azaldu zen Euskal Herriko plazetara, baina geroztik bakarkako ibilbideari ere ekin dio, folk-bossa eta beste molde batzuetako markekin; Xalbaltx, Pantxoa Bergara alegia, musika idazle da, pock-rockeroa definitzen du bere estiloa eta aspaldi dabil musikagile olerkari. Hiruek osatzen dute MMX, Argentinan euskal musika tradizionala zein modernoa eskainiko duen programaz aurkezten den hirukotea.

Ez daukate erabat itxia emanaldi zerrenda. Beraz, euskal etxeren batek edo beste inork emanaldiren bat antolatu nahi izango balu beraiekin, aski luke Norma Rios-en bidez kontaktatzea, hona idatziz: ibaiak@hotmail.com. Hona orain artean daukaten programa (ikus xehetasunak agendan).

Gaur bertan ostiraletan Mexiko 1880ko Euskal Egoitzan egiten diren ostiraletan hartuko dute parte. Kantaldia emango dute bertan, Euskaltzaleak-ek antolaturik, bederatzietatik aurrera, sarrera 20 peso, mokadu bat jateko aukera barne. Bihar, berriz, hiriburu federaleko Iparraldeko Euskal Etxean, CVFen, arituko dira, 'Piperraren Pesta' delakoan, gaueko bederatzi t'erdietatik aurrera.

Asteartean, urriaren 28an, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean emango dute kontzertua, zazpi t'erdietatik aurrera. Ostiralean, hilak 30, Euskal Argentina taldeko partaideak Euskal Herritik Buenos Airesera iritsiko direlarik, haien ohoretan Laurak Bat Euskal Etxeko Txokoan kantatuko dute, ongi etorria emanez, zortzietatik aurrera. Ondoren, La Platara, Euskal Aste Nazionalera joango dira, Buenos Aires probintziako hiriburuko euskal jai honetan parte hartzeko, besteak beste ostiraleko erromerian eta igandeko amaiera oturuntzan.

Hirukotea eta eurekin datorren lau musikari eta telebista kamera batek osatzen duten ordezkaritza iragan astelehen eguerdian heldu ziren Buenos Airesera. Egun horretan bertan bildu ziren Iparraldeko Euskal Etxeko kideekin, tartean Norma Ríos Kultura Azpibatzordeko kidea. Ondotik Moreno kalean egoitza daukan euskal erakunde honek instalazioak bisitatu zituen eta Ernesto Conejo Saravia EEko presidenteak hartu zituen. Xabaltxek trinketa dastatzeko aukera izan zuen eta taldeak bertako euskal jatetxean afaldu zuen, hondarrean bertaratutako guztien aurrean gisa informalean kantatuz.

Lotura interesgarriak

Mixu Mixelena, Myspace-n
http://www.myspace.com/mixumixelena

Maialen Errotabehere, Myspace-n
http://www.myspace.com/mixumixelena

Xabaltx, Myspace-n (Sustraia taldeko kide ohia da)
http://www.myspace.com/xabaltx



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia