euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru egunez eta iganderaino Euskal Jaiak Nevadako Elkon eta Kaliforniako Chinon: Chinoko Euskal Jai egitaraua [eta II]

2022/07/01

Elkoko 'Basque National Festival' eta Chinoko SCBCen Euskal Besta uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira aurten
Elkoko 'Basque National Festival' eta Chinoko SCBCen Euskal Besta uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira aurten

PUBLIZITATEA

Chino, Kalifornia, AEB. Hasi berria dugun uztailean, Nevadako Elko eta Hego Kaliforniako Chino dira lehenengo asteburu honetan, uztailaren 1, 2 eta 3an, euren urteroko Euskal Jaiak antolatu dituzten herriak, Aurreko artikuluan Elkokoen berri eman ondoren, honetan Hego Kalifornian, Los Angelesaldean dagoen Chinokoak aipatuko ditugu. 'Southern California Basque Club' antolatzaile, bertako euskaldun zaharrenek 'La Puenteko Piknika' bezala ezagutzen dituzte 1946an sorturik aurtengoa 76. edizioa egiten duen euskal besta hau.

Igandea izango du berez egun nagusia, eta Chinoko Fairgrounds-etako barne eta kanpoaldea gertaleku. AEB Mendebaldeko euskal bestazaleek aukeratu beharko dute Elkokora eta honakora etorri, mila kilometro pasexe baitira bi herrion arteko tartea. Seguruenik bakarra izango da delibero horren aurrean soluzio 'salomonikoa' hartu duena, Jean Flesher eta 'Amerikanuak' bere musika taldeak bi jaietan joko baitute, uztailaren 1 eta 2an Elkon, eta 3an, berriz, Chinon. Hona Chinoko SCBCen Euskal Jaietako bateko eta besteko egitaraua:

Ostirala, uztailaren 1a

Berez festen lehenengo beroketa izango da, arratsaldeko bostetatik aurrera euskal jendea herriko 'Centro Basco' ostatura inguratzen joango baita, lekua euskal inurritegi bat bilakatu arte, Euskal Herri osoko azentuen eta inguru zabal bateko euskal-amerikarren biltzaile. hitzordua 'Social Night at Centro Basco' deitu dute eta jendeak bertan traguak hartu eta afalduko du txandaka, taberna-leku eta jantoki zabalak dituen lekua baita Los Angelesaldeko euskaldunen ostatu erreferentziala den hau, 1940an sortua.

Larunbata, uztailaren 2a

Taberna edo barra baten inguruan solasean eta tragua hartzen biltzea eta musarekiko zaletasunarekin batera, pilotazaletasuna da Estatu Batuetako euskal komunitateetako partaideen artean hedatuta dagoen hirugarren ezaugarrietako bat. Eta larunbatean, pilota partidak antolatu dira, arratsaldeko hiruetatik aurrera Chinon bertan, Aphessetchetarren trinketean. Palak eta, bereziki, esku huskak dauka dauzka jarraitzaile gehien. Partidak ikustearekin batera euskal gauzen saltokiak ezarriko dira, eta lukainka eta jateko eta edateko beste batzuk produktuak ere egongo dira erosgai.

Igandea, uztailaren 3a

-10:30etan: Meza, Chinoko dantzariak eta klika ere partaide
-11:30etan: Euskal produktu saltzaileek euren saltokiak irekiko dituzte, liburuak, eranskinak, artelanak...
-13:00etan: Bazkaria bildoskiarekin
-15:00etan: Dantzarien emanaldiak
-17:00etan: Afaria, sandwitx salmenta, lukinka...
-18:30etan: Dantzaldia, zuzeneko musika Jean Flesher-en bandarekin gauerdira arte

Ez ahaztu biharamuna astelehena bada ere '4th of July' dela, eta beraz Estatu Batuetako Independentzia Eguna ospatzen dela eta jai eguna dela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia