euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru egunez eta iganderaino Euskal Jaiak Nevadako Elkon eta Kaliforniako Chinon: Elkoko Euskal Jai egitaraua [I]

2022/07/01

Elkoko 'Basque National Festival' eta Chinoko SCBCen Euskal Besta uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira aurten
Elkoko 'Basque National Festival' eta Chinoko SCBCen Euskal Besta uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira aurten

PUBLIZITATEA

Elko, Nevada, AEB. Urtero sasoi honetan legez, euskal festa garaia izango dute ostiraletik aurrera uztaileko lehenengo asteburu hau Nevadako Elkon eta Kaliforniako Chinon. 'Elko Basque Club' eta 'Southern California Basque Club' euskal etxeak hurrenez hurren antolatzaile, hainbat jende ari da goaitatzen, ohiko euskal jai 'normalizatuen' esperoan, azken bi urte hauetan pandemiak bizitza, eta baita ondorioz udako euskal festak ere, zinez baldintzatu ostean.

Uztailaren 1ean beroketa

Bi kasuetan, asteburu honetako bestak, batera edo bestera, hiru egunez luzatuko dira, uztailaren 1, 2 eta 3an, bi herrietako euskal taberna eta jatetxeak ere partaide. Elkoko programa lehenengo aipatuta, ostiralean Mikel eta Anamarie (Sarratea) Lopategui-ren 'Ogi Deli, Bar & Pintxos' tabernak emango die euren aldeko hasiera asteburu luzeko ekitaldiei, arratsaldeko seietatik aurrera, Melodikoa eta Amerikanuak bi talde euskal-amerikarren zuzeneko musikarekin. Trikitilari gonbidatua Elkoko Nekane Lejardi izango da [aupa Nekane!].

Elko bertakoa, Mercedes Mendive akordeoi-jotzailea da Melodikoa liderra eta Ken Harriman izango du lagun gitarran. Amerikanuak taldea, berriz, Jean Flesher utah-tarrak sortu zuen eta Jean-ek bere seme Jean-Jules Flesher eta Jean-Pierre Etchechury izango ditu lagun. Giroa ziurtatuta egongo da eta musika eta dantzarekin batera, tabernak bere pintxo, mokadu, kalimotxo, sagardo eta gainerako janari-edariak zerbitzatuko ditu. Seguruenik, Anamarie eta Mikel ere animatuko dira momenturen batean trikia eta panderoa ateratzen.

Ogik, gainera, bere lepoko zapi edo mokanes gorria plazaratu du festetarako 'Ogi Basque Deli, Bar & Pintxos, Elko, Nevada' hitzekin. Esan gabe doa, Ygoatarren Star Hotel-ek, herriko euskal ostatu zaharrenak ere —1910ean sortua—, ateak zabalik eta barrua jendez gainezka izango dituela festetan, eraberritu eta dotoretzeko lanak orain pare bat aste amaituta gainera. Eta 'Toki Ona'rkere jendea bereganatuko duela.

Larunbata, uztailaren 2a

-06:30etan '5K run!' lasterketa, izen-ematea Elkoko Euskal Etxean
-07:00etan '5K run!' lasterketa
-07:00etan Golf Txapelketa, izen-ematea Elko Golf Zelaian
-08:00etan Golf Txapelketa Elko Golf Zelaian
-11:00etan Uztailaren 4ko Kabalkada herriko kaleetan barrena, euskal dantzariak partaide
-16:00etan, Euskal Jaiko programa ofizialarekin hasiera Elkoko Euskal Etxearen eraikin eta zelaian, kirol eta dantza emanaldiak, janari eta edariak, saltokiak, musika, sarrera libre.
-19:00etan Pilota Partidak Udal Parkeko pilotalekuan. Pilotariak San Frantzisko, Bakersfield, Chino eta Elkokoak, sarrera libre
-21:00etan Dantzaldia Euskal Etxean bi banda zuzenean jotzaile, Amerikanuak euskal banda eta HighJacked rock banda amerikarra, sarrera 20 dolar

Igandea, uztailaren 3a

-09:00etan, Pilota Partidak Udal Parkeko pilotalekuan. Pilotariak San Frantzisko, Bakersfield, Chino eta Elkokoak, sarrera libre
-10:00etan Euskal Jaia Elkoko Euskal Etxe eta zelaian, sarrera libre
-10:00etan Artzain Ogi Lehiaketa eta enkantea
-11:00etan Meza euskaraz eta ingelesez Aita Anttonek emana eta online ere banatua
-12:00etan Bazkari herrikoia, txartelak 20 dolar
-13:00etan hasita arratsalde osoan musika, dantza eta kirol erakustaldiak, saltokiak... eta bertako Txori Baltza dantza garaikide taldeak aurkeztuko duen 'Txotx. the Story of Sagardoa' bere sorlana, uztailaren 16an Renoko Euskal Bestan errepikatzeko.

Ikus egunerakerak Elkoko Euskal Etxearen webgunean.

Chinoko SCBCen asteburu honetako euskal besta, artikulu honen bigarren zatian, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia