Buenos Aires, Argentina. Gaur urtebete da Jon Luco hil zela. Juan Manuel Luco, “Jon” lagunentzat, San Luisen jaio zen 1956ko martxoaren 27an. Buenos Airesko Unibertsitatean ikasten ari zela, diktadura argentinarrak errefuxiatzera behartu zuen. Demokrazia itzuli zenean, Analía ezagutu zuen, eta berarekin ezkondu eta bi haur izan zituen, Liova eta Raquel. Ogibidez liburusaltzailea, olerkaria ere izan zen, idazlea, pintorea, irakurle amorratua, langile saiatua, aita txeratsua, lagun handia eta, bereziki, euskaltzalea.
Bere semeak eragin zion Euskaltzaleak-era hurbildu zedin, Buenos Airesko euskaltegira. Partaide izan zen bertan, ikasle eta dantzari gisa, eta bertako ekimen sozialetan murgildu zen, eta liburutegia uholdearen ondoren berreskuratzen. Olerki asko idatzi zituen euskaraz. Ezagutza handikoa zen eta gogotsu segitzen zituen euskal kultura eta ektualitatea. Hala ere, ez zen iritsi ahal izan Euskal Herria bisitatzera, egunero gogoan bazeukan ere. Bere artxibo pertsonalak Euskal Herriarekin eta euskal jendearekin zeukan harreman estuaren lekuko da.
"Gure gogoan segitzen duzu"
Jon gaixotu zen eta 2024ko maiatzaren 16an joan zitzaigun. Bere alaba Raquel eta eme Liovak azken agurra eman zioten eta hil-kaperan hamaika lagunen maitasuna jaso zuen. Musikarekin, kantuekin, eta tangoekin. Berak nahi izango zuen bezala. "Gure gogoan segitzen duzu, Jon", izan daiteke bere ingurukoek EuskalKultura.eus-eta helarazi dituzten lerro hauen laburpena. Bere poesia hau lagun, berak maite zuen euskaraz idatzia.
Tribuaren hitzik zaharrenak ematen dizkizut,
maiteenak,
abesti maitemindu batean bezala,
hitzik garbienak ematen dizkizut:
aurrera, beti aurrera!
Lurrak eta zeruak besoak luzatzen dituzte
eta elkarrenganako gogoa hartzen dute:
aurrera!
Tribuaren hitzik zaharrenak ematen dizkizut:
aizkora, aitzur, azkon, aizto.
Gugandik hoberena hizkuntza gozoaz
Gorbean egunargitzea bezala,
iturburuetan bainatzea bezala,
bizitzeko gogo zaharra aletuz,
betiko ikasle izatearen poza,
hemen eta orain pozik izatearen aireaz alai.
Aizkora, aiztur, azkon, aizto.
Abestia bizitzaz maitemindurik ematen dizut.
Jon Luco