euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Garai baten amaiera: Michel Bordagaray hil da Kalifornian, AEBko euskal ostatu tradizional bateko azken 'bordantea'

2022/08/08

Chinoko Centro Bascoko bere lagunek Michel Bordagaray-ri eskaini dioten oroitzapen bannerra
Chinoko Centro Bascoko bere lagunek Michel Bordagaray-ri eskaini dioten oroitzapen bannerra

PUBLIZITATEA

Chino, Kalifornia, AEB. Baxe Nafarroan, Anhauzen, jaioa zen Michel Bordagaray, eta mende erditik gora zeraman Chinoko Centro Basco ostatuan 'bordante' [*]. AEB Mendebaldeko historian, ehundaka izan dira azken mende eta erdian euskaldunek euskaldunentzat zabaldutako ostatuak, Euskal Herritik etorritako emigrante berriei eta familia ez zutenei babesa eta non bizi ematearren. 1960tik aurrera AEBrako euskal emigrazio tradizionala apaldu eta desagertzen joatearekin, euskal ostatuak ixten edo publiko orokorrarentzako jatetxe izatera pasatzen hasi ziren. Baina geratzen zen ostatu zaharren azken arrastorik. Izan ere, abuztuaren 2an Michel Bordagaray hil da Chinon. Bera zen Mendebalde osoan geratzen zen emigrante belaunaldiko azken 'bordantea', Chinoko Centro Bascon 'ganbera' edo 'kuartua' hartua zuen azken emigrante euskalduna.

Esan beharra dago euskal ostatuak —AEBn, baina lehenago Argentina eta Uruguain— instituzio garrantzitsua izan direla Diasporan, eta historian zehar euskal emigranteen 'etxe' eta babesa izatearekin batera —Home away from home, etxea etxetik kanpo, eta Diasporako euskal historiako parte, beraz—, Estatu Batuetako historiako parte esanguratsua ere badirela, eta halakotzat aztertu izan dituztela besteak beste bertako egile eta ikertzaileek, horien artean Jeronima Echeverria historialari kaliforniarrak, izan ere Kaliforniako euskal ostatuei eskainiz bere doktorego tesian 1988an, eta geroago lan gehiagotan, tartean 'Home Away from Home, a History of Basque Booardinghouses'-en, edo Nancy Zubiri kazetari sanfrantziskotarrak, ostatuak behin eta berriro aipatuz bere 'A travel Guide to Basque America' liburuko ia seiehun orrialdeetan.

Michel Bordagaray (Anhauze, 1938 - Chino, 2022)

Emigranteei lo egiteko lekua eta jaten ematen zieten euskal ostatuak ixten joan ziren emigrazioaren jarioa bukatu zenean... edo, beste kasu batzuetan, zaharberritu eta egokitzen, euskaldunentzako 'hotel' partean geratzen ziren azken bordante euskaldunak mantenduz, eta jatetxe partean bezero amerikarrak eurenganatuz eta izena hartuz, "etxeko moduko" janari sano eta prezioz egokia ematen zuten leku gisa, 'Basque family style' famatua marka. Mendebaldean, tradizio euskalduneko herri askotan, jatetxe soil bilakatutako euskal ostatuak bertako jatetxe estimatuenetakoak dira. Eta horietako batzuetan, hala nola Chinoko Centro Bascon, segitu izan dute betetzen aterpe funtzioa zahartzen joandako azken bordante bakanentzat, normalean familia sortu ez duten gizon edadetuak, Michel Bordagarayren kasuan bezala.

Michel Bordagaray 1938ko irailaren 9an sortua zen Anhauze herri baxenafartarrean eta, beraz, 84 urte bete izango zituen datorren hilean. Soldaduska egin eta Algeriako gerlatik pasatuta emigratu zuen Kaliforniara artzain. Geroago bestelako lanetan ibiliko zen eta ez zen sekula ezkondu, ezta familia sortu ere. Ez zen sekula itzuli Euskal Herrira eta, euskal emigrante asko bezala, euskaldun bizi izan da Kalifornian, Centro Bascoko Euskal Herri txikian. Pertsona atsegina, jendeak estimu handian zeukan eta Centro Bascoko parte banaezina zen bertaratzen ziren guztientzat, amerikar edo euskaldun. Oroi dezagun Centro Basco 1940an hasi zutela lehenik Argentinara eta gero Kaliforniara emigratutako Jean Baptiste eta Grace Robidart-ek, eta 1970ak erosi zutela Peyo eta Monique Berterretche-k, egun lekua kudeatzen duten Bernadette eta Joseph-en gurasoek.

Moldatuz geroari eusten

Izan ere, orain urtebete pasexe, pandemia betean oraindik, murrizketak medio geroa mehatxupean eta une larria zenean jatetxe guztientzat eta bereziki molde Xaharreko euskal ostatuentzat ['Basque family style' delakoan bezeroak mahai luzeetan esertzen dira, tarterik gabe, Covid-19aren aurkako neurriek agindutakoaren juxtu kontrakoa], LAist atariak erreportaje bat argitaratu zuen Centro Bascoz eta Michel Bordagara-z, euren azken mohikano izaera aipatuz. Joan den otsailean Monique Berterretche hil zen, Centro Basco-ko nagusia eta bera ere Euskal Herriko azken emigrante belaunaldiko kide zena. Pandemia garaian, betirako itxi zituzten ateak Bakersfieldeko Noriegak —geroztik izen berarekin leku diferente batean jatetxe berri bat zabaldu da Bakersfielden konpainia ez-euskaldun batek— edo Renoko Santa Fek. Baina segitzen dute indar handiz beste batzuk, tartean Elkoko Star Hotelak —berrikuntza dotore bat egin berria— edo Gardnervilleko JTk. hori bai bordanteen garaia joana.

Gogoan beude Diasporako euskal ostatu zaharrak eta GB Michel Bordagaray.

Hona Michel Bordagaray-ren hileta elizkizuna, bideoa Gilbert Lanathouari esker.

------------------

[*] Bordante: AEB Mendebaldeko euskal komunitateen euskaran erabiltzen den hitza, euskal ostatu bateko egoiliar edo apopiloa aipatzeko, edo, orokorrean, ostatu edo hotel batean lo egiten duen pertsona. Ingelesezko 'boarder' omen dauka jatorria eta Kaliforniako eta Ameriketako beste leku batzuetako gaztelaniaz ere erabiltzen da, RAE Espainieraren Akademiak bere 'Diccionario de americanismos'en biltzen duenez



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia