euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nancy Zubiri, Euskal Kazetako editorea: "Maite dut Jaialdi, uste dut beti segituko dudala hona etortzen"

2015/09/02

Nancy Zubiri euskal kaliforniarra Euskal Kazeta buletineko editorea da (argazkia EuskalKultura.com)
Nancy Zubiri euskal kaliforniarra Euskal Kazeta buletineko editorea da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Kalifornian jaiotako kazetari eta irakaslea da Nancy Zubiri, aita Aldudeko euskalduna eta ama peruarra. Boisen harrapatu genuen "Travel Guide to Basque America" (University of Nevada Press, 1998) gidaliburu famatuaren egilea uztail azkenean, Jaialdiko asteazkenean, jendez inguratuta, euskal giroan. Izan ere, Jaialdiko zaletu handia dela esan zigun.

Joseba Etxarri. Kaliforniako Unibertsitatean Berkeley-n graduatu zen Zientzia Politikoetan, baina bere bizitza profesionala gehiago lerratu da kazetaritza eta irakaskuntza aldera. Baliteke jende askok menturaz ez gogoratzea zuzenean bere izena, baina bai agian Estatu Batuetako euskal komunitateei buruz gidaliburu gisa idatzi zuen "Travel Guide to Basque America", oihartzun handia lortu zuena, euskal gaietan best seller-a bilakatu arte Nevadako Unibertsitateko Prentsan. San Frantziskon jaioa, Nancy Zubiri Los Angelesen bizi da eta bertatik etorri da Boisera, milaka euskaldunen bilgune eta topaleku bilakatutako Jaialdi euskal festa erraldoira.

Kazetari eta idazle zara, euskal gaia zure gai kuttuna izanik. Zeure euskal-amerikar gidaliburua AEBetako euskaldun askoren etxeetako apaletan dago. 600 orrialde dauzka eta best seller bilakatu zen. Ez da ahuntzaren eztula euskal alorrari bagagozkio.

-Betidanik egon naiz sartuta oso komunitate euskal-amerikarrean eta, egia esatearren, liburu horretan lan egiteak aukera eman zidan geure kulturarekiko dudan zaletasuna eta neure kazetari alorra uztartzeko. Berez, Estatu Batuetako euskaldunen historia biltzen duen liburua da. Hiru urteko dokumentazio, elkarrizketa eta ikerketa lana hartu zidan eta beste hiru urte eman nituen testua idatzi eta editatzen. Lehenengo argitaraldiak arrakasta polita lortu zuen, ohiz kanpokoa, best seller-a bilakatu baitzen eta 2006an bigarren argitaraldia plazaratu nuen, berbegiratu, zuzendu eta emendatua. Gaur egun ere segitzen da saltzen eta bere alderdi historikoan bereziki, indarrean dagoela esan daiteke.

Eskola-emaile ere bazara.

-Liburua idazten ari nintzela ere errientsa edo andereño bolondres gisa nenbilen Venice-n (Los Angeles ondoan). Maistra moduan lan egin nahi nuela erabaki eta hala egin nuen. Beharrezko agiriak atera nituen eta gaur egun ere institutu batean segitzen dut lanean, Venice High School-en, ingelesa eta kazetaritza irakasten 14 eta 18 urte arteko ikasleei.

Euskal Kazeta online buletineko arduraduna zara.

-Euskal Kazeta berri eta albiste webgune bat da, Estatu Batuetako euskaldunei interesatzen zaizkien gaiez diharduena, ingelesez. Duela sei bat urte sortu nuen eta oso emeki ari da hazten, astia dudanean egiten baitut. Ahal duenean, nire senarrak laguntzen dit, bera ere kazetaria baita eta ez jarraian baina tarteka laguntzen duten beste pertsona batzuk ere baditut. Gustatuko litzaidake denbora gehiago eskaintzea, baina esan dudanez astia dudanean egiten dut. Nire ustez Estatu Batuetako euskal jendeak badu bere kulturaz jakiteko guraria eta harro dira euskaldunak izateaz, nahiz ete batzuetan ez duten aktiboki sobera parte hartzen, baina horrek ez du interesatzen ez zaienik adierazten. Horregatik pentsatzen duit garrantzitsua dela eurengana iristen jakitea eta, beraz, uste dut nire webguneak gehiago jakiteko eta parte hartzeko aukera ematen diela, euren etxeetatik, sarearen bidez.

Elkarretaratze birtualek fisikoak ordezkatzen dituzte.

-Euskal komunitateak daukan arazoetako bat geografikoki hedatzen joan dela da. Gaur egun ez da hain erraza jendea bildu eta elkar maiz ikustea; eta ez dugu urrutiegi joan behar topatzeko euskaldunak denak elkarren ondoan bizi eta bizitza zinez elkarrekin egiten zuten garaia. Bilera eta elkarretaratze fisikoek behera egin dute, ebentu askoz ere gutxiago dago, lehen baino askoz ere gutiago, hasteko, baina daudenak askoz handiagoak dira eta, esaterako, Bakersfield-ekoa bezalako euskal jaiak egiten dira, San Frantziskoko otsaileko bestako bezalakoak edo Jaialdi bera bezalakoak.

1.400 bat kilometro egin dituzu aste honetan Boisen egon ahal izateko.

-Bere lehenengo ediziotik 1987an, behin baino ez dut huts egin. Maite dut Jaialdi. Nire ustez bestela ikusiko ez zenituzkeen lagunekin biltzeko aukera ematen dizu. Geure kultura ospatzeko modu ederra da, era berean erakusgai ipintzen diogula gainerako jendeari. Lan ederra egiten du. Jaialdin euskal abanikoa zabaldu egiten da eta amerikar ez-euskaldun asko sartzen dira, euskal kulturak erakarrita eta euskal erreferentzia eta ezagupen maila bat hartuta, handiagoa ala txikiagoa, gu euskaldunoi buruz.

Asko aldatu al da urteotan Jaialdi?

-Asko hazi da. Bertako euskal partaideak batzen ditu, baita bertako amerikar ez-euskaldunak ere, eta Estatu Batuetako gainerako lekuetatik etorritako jendea, Euskal Herritik etorritako lagunak eta Diasporako beste herrialdeetatik etorritakoak.; badakit, esaterako, aste honetan badela hemen Argentina eta Australiatik etorritako jendea, eta baita Japoniatik etorritakoa ere. Nire ustez Boise gauza izan da lan gogorraren aurrean batere izutzen ez den jendea biltzeko; euskal kulturaren alde dihardute baina sormenez: ez dira batere kokiltzen, helburuak baitauzkate aurrean. Honela azal daitezke ekimen berritzaileak, Bilboko Athetic hona ekartzeko ideia --pentsatu eta egina-- edo Jaialdi bera antolatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia