euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk bazkide aktibo gisa onartu ditu Misiones probintziako Euskal Jatorri eta Eusko Etxea euskal etxeak

2010/04/22

PUBLIZITATEA

Joan den larunbatean, apirilaren 17an, FEVAko Zuzendaritza Batzordeak egin zuen bileran hartutako akordioen artean, Misiones probintziako bi euskal etxeak, Posadasko 'Euskal Jatorri' eta 'Eusko Etxea', bazkide galdegile edo 'postulante' izatetik 'bazkide oso' izatera pasatzea aipa daiteke, Federazioaren barne araudiak horretarako markatzen dituen epeak eta baldintzak beteta. Ondorioz, beraz, bi elkarteok FEVAko eskubide osoko kide bilakatzen dira, esan nahi baita mintzatzeko eskubideari, bozkatzekoa emendatzen diote. Erabaki hau FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak eta diruzain Hugo Andiazabalek bi euskal etxeotara egindako bidairen ondotik gertatu da, Corpusen zein Posadasen bertako buruzagi eta kideekin bildu zirelarik, euren egoitzak eta planak in situ ezaguturik.

Posadas, Argentina. Ohar labur batean FEVAko Zuzendaritza Batzordearen izenean Ricardo Basterrak eta Marta Abarrategui idazkariak jakinarazi dutenez, erabakia joan den larunbatean Federazioko buruzagitza organoak egin zuen bileran hartu zen, eta ondorioz Misiones, Argentina ipar-ekialdeko probintziako bi euskal etxeak osoko kide bilakatzen dira, hori baita 'bazkide aktibo' deitura edo egoerak adierazten duena.

Neurria, FEVAko ordezkaritza batek --lehendakaria eta diruzaina-- Misiones-era joan den asteko ostegun eta ostiralean eginiko bidaiaren ondotik heldu da. Honela, ostegunean, apirilaren 15ean, Basterra eta Andizabal Misionesera heldu ziren, eta lehenik Corpus Christiko Eusko Etxea bisitatu zuten.

Poza Misionesko euskal etxeetan

Eusko Etxea-ko ordezkaritza bat joan zitzaien errezibitzera aireportura eta handik Corpusera eraman zituzten. Bertan Eusko Etxearen egoitza bisitatu eta bertako Zuzendaritza Batzordeko kideekin eta bazkide batzuekin mintzatzeko parada izan zuten. Arratsaldeko zazpiak aldera Posadasko kide batzuk etorri ziren eta probintziako hiriburura eraman zituzten. Laurogei bat kilometro daude Corpusetik Posadasera. FEVAko biak hemen ere bertakoe kideekin bildu, Posadasen lo egin eta biharamunean bidaiaren azken zatiari ekin zioten, Euskal Jatorriren errealitatea eta planak ezagututa, hegazkina hartu eta atzera egiteko.

Corpusetik, Eusko Etxea-ko lehendakari den Olga Leiciagak bere poza azaldu zuen egoera berriaren aurrean. Izan ere, hiru urte pasatuak ziren FEVAko kide izateko eskaera egin zutenetik, bitartean kide galdegile edo 'postulante' izan direlarik. Pauso berria emateko paperak aspaldi aurkeztuta eta epea gaindituta, FEVA 'zorretan' zegoela eurekin sentitzen zuten, oraingo neurri eta erabaki honek gauzak zuzendu dituen arte.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia