euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Egunean, euskara bor-bor Diasporan, euskal etxeek eta unibertsitateek antolatutako jarduerei esker

2020/12/02

2020ko Euskararen Nazioarteko Eguna Chicagon
2020ko Euskararen Nazioarteko Eguna Chicagon

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Bihar abenduaren 3a da, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE). Joan den azaroaren 20an Euskaraldiaren bigarren edizioa hasi zenetik, ekintza ugari ari dira antolatzen gure hizkuntzaren inguruan Europa, Asia eta Amerikako unibertsitateetan Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen dituen Irakurletzetan eta baita ere, euskal komunitateen esparruan, Euskara Munduan programaren barruan aritzen diren euskal etxeetan. Helburua, euskaldunen hizkuntza nonahi aktiboki eta praktikoki entzunaraztea.

Hori, Euskal Herrian zein bere diasporan. Diasporan proposamen gehienak biharko data epizentroa izango badute ere, Euskararen Nazioarteko Egunean hastapenetik izan baitu protagonismo berezia munduan barreiatutako euskaldunen kidegoak. Urtero bezala, ekintza horietako batzuen zerrenda bildu dugu hona. Zure euskal etxearen informazioa ez badago, jarri kontaktuan agendan sar dezagun.

Gaur, abenduaren 2an

-Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak Euskarazko Arigunean parte hartzera gonbidatzen du. "Elkarreragiteko eta euskara erabiliz ospatzeko gunea" izango da, Montevideo-Uruguaitik Gabriel Arce irakaslea lagun. Hitzordua arratsaldeko 7etan da, Zoom bidez. Interesatuek, e-maila bidali behar dute eusketxe@gmail.com helbidera bileran sartzeko datuak jaso ditzaten.
-Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak 2020ko Euskaraldiarekin eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin Zoom bidezko bideo konferentziekin egingo du bat. Konferentzia birtualetan ikasle brasildarrek Euskadiko euskaldun zaharrekin hitz egingo dute. Ekintza arratsaldeko 8etan izango da (Brasilgo ordutegian).  Ekintza abenduaren 4an errepikatuko da ordu berean.

Abenduaren 3an

-Bartzelonako Euskal Etxeko ikasleek Universitat de Barcelonak eta Universitat Autònoma de Barcelonak antolatutako Mintzobira digitalean hartuko dute parte. Ordutegiari dagokionez, hiru aukera dauzkate: 12:00etan, 17:00etan eta 19:30etan. Izena emateko, hemen.
-Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak “Euskarazko Arigune” berri batera gonbidatzen du. Euskaraz aritzeko gune birtuala arratsaldeko 7etan izango da, Zoom bidez. Parte hartzeko, e-maila bidali eusketxe@gmail.com helbidera eta bileran sartzeko esteka jasoko duzu.
-Buenos Airesko Laurak Batek bere kideak gonbidatzeko ditu Euskararen Nazioarteko Eguneko topaketa birtualera. Arratsaldeko 7etan hasita, ikasleek egindako bideoa bat proiektatuko dute eta hainbat jolas proposatuko dituzte.
-Londresen, bertako London Basque Society Euskal Elkarteak omenaldia egin nahi izan die euskaldundutakoei. Horretarako, elkartean ikasitako ikasle batzuek beraien esperientzia eta bizipenak kontatuko dituzte. Ekitaldia abenduaren 3an egingo da, arratsaldeko zazpietan, bertako ordua, Zoom plataforman. Parte hartzeko Zoom linka eskatu emailez eventslondonbasque@gmail.com helbidera, izen-abizenak eta nazionalitatea adieraziz
-Estatu Batuetan, Chicagoko Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak "Euskaldun baten modura" izenburuko saiora gonbidatzen du. Ekintza Koldo Olabarri aktorearen esku egongo da. Hitzordua eguerdiko 12etan. Informazio gehiago, hemen.
-Mexiko hiriko Euskal Etxean Iñigo Asensioren “Euskara munduan” dokumentalarekin ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna. Iluntzeko 7:30etan, Euskal Etxeko egoitzan (Aristoteles 239, Polanco). Informazio gehiago, hemen.
-Mendozako Denak Bat-ek modalitate hibridoan ospatuko du. Eduki digitalak igoko dituzte sareetara eta zozketa berezi bat (sari bereziekin) egingo dute. Informazio gehiago, hemen.
-Montevideoko FIVUk Zoom plataforman egingo duten topaketara gonbidatzen du. Arratsaldeko 7etan, jolasak, abestiak eta urtean zehar ikasleek ikasitakoaren erakusketa. Plataforman sartzeko FIVU Federación de Instituciones Vascas del Uruguay Facebook kontuak eskatu behar da pasahitza. Informazio gehiago, hemen.
-Txileko Santiagon, Etxepare Euskal Institutuko Irakurletzak Bertsolaritzari buruzko online hitzaldia antolatu du Euskararen Eguna ospatzeko. Maider del Olmo irakurlea Lander Arizmendi bertsolariarekin mintzatuko da. Hitzordua arratsaldeko 2etan, Zoom bidez. Izena emateko, hemen.
-Villa Mariako Euzko Etxeko ikasleak eta irakaslea elkarrekin afalduko dute Euskal Etxeko Jatetxean

Abenduaren 4an

-Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiak  Euskararen Eguna eta Euskaraldiaren amaiera abenduaren 4an ospatuko du, arratsaldeko 7etan, Zoom plataforman.
-Urtero bezala, Tandilgo Gure Etxeak ikasturtearekin batera ospatuko du Euskararen Eguna. Topaketan agiriak emango zaizkie ikasleei.

Abenduaren 5ean

-Cordoban, hiriko Gerora Euskal Elkarteak topaketa bat antolatu du, mintza praktika egiteko. Topaketa birtuala izango da eta urteko agiri digitalak banatuko dira bertan.

Abenduaren 6an

-Buenos Aireseko OihanKide Taldeak euskara ikasleak eta dantzariak bilduko ditu Centenario Parkean, dantza saioa eta gero, Euskararen Eguneko piknika egiteko, jolasak eta dantzak barne. Hitzordua eguerdiko 12etan da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia