euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracasko Eusko Etxeak azkenean abenduaren 13an ospatuko du aurrez-aurre bere 70. urteurrena, meza eta bazkariz

2020/12/03

Caracasko Euskal Etxearen urte amaierako jaia
Caracasko Euskal Etxearen urte amaierako jaia

PUBLIZITATEA

Caracas, Venezuela. Pandemiak ekarritako egoeragatik atzeratzen joan da eta ezin izan du ospatu Caracasko Eusko Etxeak bere 70. urteurrena, urteak berez martxoaren 3an bete arren. Orain, ordea, eta gaindituta ez egon arren egoera hobea denez, osasun neurri guztiak zorrotz errespetatuz ospakizuna egitea erabaki du euskal elkarte caracastarrak, presentzialki bilduz eta batera eginez Eguberriko eta Urte Amaierako Jaia. Bertan, Eusko Etxearen urteurrena ospatzeaz gain omenaldia egingo zaie komunitatean aurten hildako lagunei.

Eguberri bazkaria abenduaren 13an egingo da programa honekin: hasteko, Andres Bello Unibertsitate Katolikoko jesuita batek emango du meza egoitzako frontoian; ondoren EEko Alaiak Abesbatzak gabon kanta klasikoak abestuko ditu eta dantzari batek Aurresku dantzatuko du. Bukatzeko, bazkaria partekatuko dute bildutakoek. Menuan euskal pintxo tipikoak eta Venezuelako janari tradizionala zerbitzatuko dira.

Eusko Etxeko lehendakari Ibane Azpiritxagak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, ekintzak biosegurtasun neurriak txukun-txukun jarraituz egingo dira. “Jaia leku irekian egingo dugu eta mugitzeko edo bestela ere laguntza behar duten gure helduek, hala izango dute”, azpimarratu du Azpiritxagak.

Normaltasun berrira bueltatzen

Gobernuak erabakitako konfinamendu arintzeak “7x7” tankera hartu zuen azaroaren hasieran, esan nahi baita derrigorrezko konfinamendu zorrotzeko aste bat eta hurrengoan, deskonfinamendu mugatua eginez. Baldintza hauen pean ireki eta jarri zituen martxan Eusko Etxeak bere aktibitateetako batzuk, leku irekietan egin zitezkeenak hain zuzen.

“Hasieran ez zen jende askorik etorri –azaldu digu Azpiritxagak– baina poliki-poliki hasi ziren bazkideak ausartzen. Orain, eta Gabonei begira, "Zainpeko Irekitzea" izango dugu eta astero ireki ahal izango dugu, beti ere osasun neurriak errespetatzen. Ikusiko dugu urte berriak zer dakarren”. Oraindik ere kontu handiz jokatu beharra badago ere, pixkanaka normaltasun bidea hartu ahal izatea berri onak dira Caracasko Euskal Etxearentzat, dioskute bertatik.

Eusko Etxea Facebook-en dago Eusko Etxea Caracas



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia