euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trelew hirian, Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeak euskal gaiko mural batez edertuko du bere egoitzaren kanpoaldea

2020/12/01

Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxearen kanpoaldea. Eskuinean Salvador Bonachea lehendakaria eta materialak dohaintzan emandako Jesus Maria Rosa (argazkia EE)
Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxearen kanpoaldea. Eskuinean Salvador Bonachea lehendakaria eta materialak dohaintzan emandako Jesus Maria Rosa (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Artelana La Platako Unibertsitate Nazionalean ikasitako Martina Mezzetti eta Axel Diaz artista trelewtarrek egingo dute eta, Euskal Etxeko Zuzendari Batzordeak hala erabakita, honako euskal ikur tradizional hauek bilduko ditu: baserriak, Gernikako Arbola, lauburuak, eguzkilorea, ikurrina, txapela eta zapiak, dantzariak dantzan, ardiak eta itsasoa. Margolariek joan den asteburuan ekin behar zioten lanari baina eguraldi kaskarrak atzeratzera behartu zuen. Orain dena prest dago baldintzek utzi bezain pronto hasteko.

Hau ez da ordea Trelewtik datorkigun albiste bakarra. Izan ere urtea oso gogorra izan bada ere, Argentinarentzat bereziki eta mundu osoarentzat oro har, chubutarrek aurkitu dute hala ere 2020 honetan euren euskal elkartea bideratu eta berpizteko modua. FEVAri begira, urte osoan zehar Federazioak plataforma birtualetan antolatutako bilera eta ekintzetan hartu dute parte. Orain gutxi, Chubuteko LU20 Irratiak gonbidaturik, Euskal Etxeko kideek elkartearen orain arteko historia eta balantzea aurkeztu ahal izan zuten eta baita euskal sukaldaritzaz mintzatu ere, bi saiotan.

Euskal Etxea kidetu egin da baita ere sortu berria den eta hiriko beste zenbait kolektibitate biltzen dituen Chubuteko Kultur Erakundeen Federazioan eta horren bitartez, 2020ko Gizataldeen Jaialdian hartu zuen parte, beti ere sasoiari dagokionez, era birtualean.

Egoitzan egiten ari diren lana ez dira, bestalde, egoitza txuraz hobetzeko bakarrik. Izan ere, liburutegi txiki bat ari dira osatzen Euskal Herritik jasotako materialez. Liburuok eskuratu nahi dituzten Euskal Etxeko kideek, eskatzea besterik ez dute.

Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeak Facebook kontua dauka eta bertan zabaltzen ditu bere berri guztiak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia