euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesen, Juan de Garay Fundazioak bere "Euskal Liburuaren Nazioarteko Azoka Birtuala" abiatuko du bihar

2020/11/30

Euskal Liburuaren Nazioarteko Azoka Birtualaren irudia: Gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez sar daiteke
Euskal Liburuaren Nazioarteko Azoka Birtualaren irudia: Gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez sar daiteke

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioa antolatzaile duen "Euskal Liburuaren Nazioarteko Azoka Birtuala" abenduaren 15era arte bisitatu ahal izango da sarean, bihartik hasita. Proposamenaren lehentasuna euskal gaiak jorratzen dituzten liburuak interesatuen eskuetan jartzea da eta horretarako 15 argitaletxe eta liburudendaren ‘on line denden’ linkak bilduko dira 'Erakusketariak' atalera, erosleak zuzenean sar daitezen, Fundazioarena ere tartean.

On line dendez gain beste bi motatako kultur ekintzak eskainiko ditu egunero Fundazioak, oraingoan Azokako ‘Jarduerak’ atalean. Batetik elkarrizketak, liburuak idatzi dituzten elkarteko zenbait kide elkarrizketatuz, tartean Maria Cristina Berçaitz, Carlos Heguy, Mauricio Goyenechea, Jorge Beramendi eta Enrique Aramburu. Elkarrizketak bideo formatuan sareratuko dituzte. Bestetik, Fundazioak bere urteroko programazioan eman ohi dituen hitzaldiak ere eskainiko dituzte, irudiez hornituta.

Ingeleseko edukiei dagokienez, Fundazioko kide den Christopher Carpenterrek ‘Euskaldunak eta Estatu Batuetako Independentzia” izenburuko lan eta hitzaldia azpimarratzen dute Elkartetik. “Oso lan interesgarria da, fundamentuzko iturrietatik lortutakoa eta normalean Estatu Batuetan ezagutarazten ez diren datu historikoak biltzen dituena. Ipar Amerikarrentzat ere izango da berria”, azaldu du Azokako arduradun Jorge Beramendik.

Azokan, gainera, Los Vascos en la Argentina liburuaren laburpena kontsultatu ahal izango da, ‘Fundazioa’ atalean.

Azken ikutuak emanda, Buenos Airestik datorkigun Euskal Liburuaren Nazioarteko Azoka proposamen hau bihartik aurrera bisitatu ahal izango da https://feriadellibrovasco.com webgunean.

Bihartik aurrera ere, ‘Irekitze’ izeneko atalean, ‘inaugurazio’ moduko bat eskainiko da bideoz, Fundazioko presidente Diego Maria Ibarbiak eta Azokako arduradun Jorge Beramendik, bertaratzen direnei ‘ongietorria’ emanez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia