euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-en urrats berria, Diasporaren komunikazio beharrei hobeto zerbitzatu nahia

2008/06/02

PUBLIZITATEA

Hona, irakurle, EuskalKultura.com-en bertsio berritua. Erditze ahalegintsua, baina emaitza sendotuz geroa erraztuko duena deritzogu. Erabateko aldaketa da, Diasporak dauzkan harreman eta komunikazio alorreko beharrei hobeto zerbitzatu nahiak bultzatua. Beta bertsioa da esku artean daukazuna. Datozen egun eta asteetan pixkanaka moldatzen, zuzentzen, fintzen eta gehitzen joango gara, eta lan horretan ere partaide nahi zaitugu. Izan ere leku eta esparru berriak zabaldu dizkiogu buletin berrian partaidetzari. Emaizkiguzu guztia sendotzeko aste batzuk, eta ondoren iritzia eskatu eta eskertuko dizugu.

Donostia-San Sebastian. Iritsi da azkenean. Haurdunaldi luzea eta gero, eta denborak eta bitartekoek utzi digutenean, gauzatu ahal izan dugu azken pare bat urteotan behin eta berriro aipatutako zorioneko aldaketa eta urrats berria. Oraindik, izango denaren zati bat baino ez dago ikusgai, eta datozen aste eta hilabeteotan joango gara emeki atal eta zerbitzu berriak aurkezten.

Gaurkoan ikusiko duzuna, orain arteko atalak eta beste atal berri batzuk dira: albisteak bat eta bi, euskal kultura eta diaspora berriekin; Diasporaren agenda, mundu osoan Diasporarekin harremanduta gertatzen diren deiak bilduz; argazki galeria, gure Diaspora iruditan erakutsiz; Zorion agurren tartea, gure komunitateetako lagunei zorionak emateko sortua, izan euren urtebetetze edo urteurren baten karietara, edo azterketa bat gainditu dutelako, lan berria lortu dutelako, ezteiak direlako, lehenengo jaunartzea dutelako, lan handia egiten dutelako edo, besterik gabe, lagun onak direlarik merezi dutelako (agurrak, norberak idatz ditzake bere lagun edo inguruko bati buruz eta argazki bat gehituz hemendik bidal ditzake) ; Oroimenean sailera, heriotzak eta despedidak batu ditugu; Bideo atalera, guk geuk euskal etxeetan edo diasporan ateratako bideoak edo beste batzuek egindakoen artetik hautatutakoak; Nor garak, EuskalKultura.com proiektuaren aurkezpen orokorra egiten du; eta, oraingoz azkenik, Nire Talaiatik sailak Diasporaren esparruari buruz Joseba Etxarri gure zuzendariak idatzitako egungotasun iruzkinak bilduko ditu.

Datozen hilabeteetan atal berriak zabaltzen joango gara, eta emango dugu aldi bakoitzean dagokion hobekuntzaren berri. Horrekin batera, pazientzia eta eskainitako konfidantza eskertzea geratzen zaigu. Gaurko Zorion Agurren tartean EuskalKultura.com eta Diasporaren familia ager zitezkeen, bozkario eguna baitugu fase berria hasi eta buletin berria erditzearekin. Hau da, beraz, EuskalKultura.com-eko gaurko lehenengo albistea. Gainerakoekin batera, on egin, irakurle.

Lotura interesgarriak

Zer da EuskalKultura.com
http://www.euskalkultura.com/nor-gara



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia