euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal nobela beltzak lekua izango du astelehenean Bartzelonan hasiko den BCNegra jaialdian

2011/01/28

Bartzelonako BCNegra jaialdiaren aurtengo afitxa
Bartzelonako BCNegra jaialdiaren aurtengo afitxa

PUBLIZITATEA

Jose Javier Abasolo, Jon Arretxe eta Aingeru Epalza idazleek parte hartuko dute datorren astean hasiko den Bartzelonako nobela beltzaren jaialdian, euskal literatura beltza eta kriminalaren errealitate eta etorkizunaren berri emateko. Eurekin batera Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, ariko da. Erein argitaletxea ere jaialdian izango da, 'Uzta Gorria', nobela beltzari eskainitako euren sail berria aurkeztuz. Ostegunean mahaingurua egingo dute hiriburu katalanean.

Bartzelona, Katalunia. Datorren astelehenean hasi eta otsailaren 5a bitartean BCNegra 2011 literatur jaialdia egingo dute Bartzelonan. Nobela beltzaren mundua era jostagarri eta erakargarrian jorratzen du jaialdiak: adibidez, aurten txangoa negingo dute Bartzelonako bazter beltzetan zehar eta egitarauak 'Zergatik hiltzen dute hainbeste Suedian' hitzaldia bezalakoak proposatzen ditu. Jaialdiak 50 egile baino gehiago eta Bartzelona, Suedia, Alemania, Florentzia, Trieste edota, besteak beste, Marsellako nobela beltzan adituak bilduko ditu. Aurten, lehen aldiz, euskal ordezkaritza bat izango da bertan. 

Euskal Herritik José Javier Abasolo, Jon Arretxe, Aingeru Epalza eta Asier Muniategi izango dira bertan eta euskal literatura beltza eta kriminalaren errealitate eta etorkizunari buruz mintzatuko dira ostegunean, Ramblako Palau de la Virreina-n (17:15tan). Eurekin batera Erein argitaletxearen ordezkaritza bat ere izango da Bartzelonan, 'Uzta Gorria' euren saila aurkeztuz. Sail berri honekin nobela beltzaren aldeko apustu sendoa egiten du Ereinek, eta dagoeneko 10 argitalpenek osatzen dute bilduma.

José Javier Abasolok (Bilbo, 1957) 'Lejos de aquel instante' (1996) eleberriarekin Prensa Canaria eta García Pavón sariak irabazi zituen. Kolaboratzailea da 'Pérgola' kultur gehigarriaren eta nobela beltzari buruzko 'La Ganstera' aldizkarian. 'Pájaros sin alas' (2010), Mikel Goikoetxea detektibearen istorio berria, da bere azken lana.

Jon Arretxek (Basauri, 1963) hogei bat lan argitaratu ditu, euskaraz, eta horietariko asko gaztelerara itzuliak izan dira. Genero beltzari ekarpena egin dio bere 'bidai liburu beltzekin'. Bere azken lana 'Shahmaran' da.

Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960) 'Ur uherrak' eta 'Rock’n Roll' eleberri beltzak idatzi ditu. Kazetari eta itzultzailea da eta genero desberdinetan aritzeko erraztasuna du. Irabazi dituen sarien artean 1997ko Euskadi Literatura saria, 1991ko Xalbador saria eta 1985ko Iruñeko Udalaren idazle berrientzako saria aipa daitezke.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia