euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Koreografoen 2. Jaialdiak dantza, literatura, zinea eta bertsoak uztartuko ditu Berlinen

2011/11/09

Berlingo Euskal Koreografoen 2. Jaialdiaren afitxa
Berlingo Euskal Koreografoen 2. Jaialdiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Ekitaldiz josita dator abenduaren 9tik 11ra egingo den Berlingo 'Euskal Koreografoen 2. jaialdia'. Mikel Aristegui dantzari donostiarra da jaialdiaren antolatzaileetako bat eta Berlingo Euskal Etxeak ere laguntzen du ekitaldia. Aurten, jaialdiak euskal dantzari eta koreografoak biltzeaz gain, Edorta Jimenez eta Itxaro Borda idazleak, bertsolariak eta zinegileak ere bilduko ditu hiri alemaniarrera. "Dantza hazten ari da Euskal Herrian baina, tamalez, oso astiro, eta europar batazbestekotik oso urrun dago", azaldu dio Aristeguik EuskalKultura.com-i. "Berlinek tamaina honetako jaialdi bat egiteko baldintza egokiak eskaintzen ditu".

Berlin, Alemania. Berlingo euskal komunitateak ekitaldi handi batekin esango dio agur urteari, abenduan egingo baita hirian Euskal Koreografoen 2. Jaialdia. Lehenengo edizioaren arrakastaren ostean, jaialdiak egoitza errepikatuko du eta Iparralde eta Hegoaldeko ia 50 artista ekarriko ditu alemaniar hiriburura. "Edizio honetan gure asmoa euskal koreografoei euren burua Europan ezagutzera emateko aukera ematen jarraitzea da. Lehenengo ediziotik hona jaialdiak koreografo batzuentzako plataforma bezala funtzionatu du", azaldu digu Mikel Aristeguik.

Bitxia da horrelako euskal jaialdi bat non eta Berlinen ospatzea, baina hemen bizi diren euskaldunen lanari esker eta Alemaniak dantza munduari eskaintzen dion arretari esker posible izan da bigarren edizio hau egitea. "Dantza hazten ari da Euskal Herrian, baina, tamalez, oso astiro, eta europar batazbestekoaren azpitik darrai. Nire ustez, bada garaia administrazioak kontuak egin eta inbertsio publikoa parekatzen saia dadin", agertu du Aristeguik.

Euskal presentzia gero eta handiagoa

Jaialdiaren antolatzaileak Aristegui eta Art & Proyect taldea dira, eta babesleen artean daude Etxepare Institutua, Eusko Jaurlaritza, Iparraldeko Euskal Kultura Erakundea eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusia, Berlingo Espainiako Enbaxadarekin batera. Beste zenbait erakundek ere laguntzen dute ekimena, hala nola Uferstudios eta Tanzfabrik aretoek, Hotel Bogotá-k, Berlingo Cervantes Institutuak eta ADDE-k, Euskal Herriko dantza profesionalen elkarteak, eta, bereziki, Berlingo Euskal Etxeak.

Aristeguiren esanetan, duela bi urte euskal etxe ofizial bihurtu zenez geroztik, Berlingo euskal elkarteak "bazkide kopurua laukoiztu egin du eta une honetan euskal dantza talde bat eta bi euskara talde ditu. Euskal komunitatea forma eta protagonismoa hartzen ari da Berlinen".

PROGRAMA

Abendua 9, ostirala

-14:00-17:00: Fandango & Arin Arin lantegia, Eneko Gil Alberdirekin eta Nerea Vesgarekin. Lekua:  Uferstudios, Studio 4.

-19:00: 'Baleen Berbaroa' liburuaren aurkezpena, Edorta Jimenez egilearekin eta Idoia Zabaleta dantzariaren eta Laurentx Etxemendi musikariaren emanaldiarekin. Studio 4.

-20:00: Dantza: 'Batteleku batean', Mikel Aristeguirena, Silvana Suarez Cedeño eta Eneko Gil Alberdirekin; eta 'Carni di prima qualità', Natxo Montero eta Patricia Fuentes. Studio 4.

-21:30: 'Apaizac obeto' dokumentalaren emanaldia (Jon Maiak zuzendua). Studio 1.

Abenduak 10, larunbata 

-14:00-17:00: dantza garaikide lantegia, Natxo Monterorekin. Studio 4.

-19:00: Literatura. Itxaro Bordaren poesia irakurketa, Noemí Viana eta Laurentx Etxemendiren dantza ikuskizunarekin. Studio 4.

-20:00: Dantza: 'Fisura n°3', Idoia Zabaletarena, eta 'Lilas', Natalia Mongerena. Studio 1.

Abenduak 11, igandea

-19:00: alderatzea/inprobisazioa: 'Bertsolari-Dantzalari', Miren Artetxerekin eta Jon Maiarekin. Studio 4.

-20:00: Dantza: 'Gorpitz 1', Elirale konpainia eta Pantxika Telleria; 'Pi20', Noemi Viana; eta "Wie eine grosse Familie', Mikel Aristeguirena (4 dantzari, 10 gazte eta 3 musikari). Studio 1

-21:30: 'Modern Basque Surfing' dokumentalaren emanaldia (Iker Treviño eta Xabier Zirikiainek zuzendua). Studio 1.

-Jaialdiaren itxiera festa

-Jaialdiari buruzko informazio gehiago, bere blogean eta Facebook-en
-
Jaialdia diruz laguntzeko, jo hona



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia