euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herritik Brasilera, Olentzerok Itsasondoko haurren opariak ekarri dizkie Pankararu indioei

2008/12/23

Pankararu indioen dantza tradizional bat
Pankararu indioen dantza tradizional bat

PUBLIZITATEA

Itsasondo herritik irten eta bidaia luze baten ondoren, Olentzerok São Pauloko Pankararu indioengana heldu eta leinuko haurrentzat Itsasondoko lagunek bidalitako opariak zabaldu ditu. Euren 'encantados'-en ametsetan, Euskal Herriko lagunak ikusi dituzte eta gure ikazkina laister jarri dute 'toré', bere abesti magikoak abesten, dantzen bidez eskertuaz urrutiko lagunek bidalitako opariak. Jatorriz, Pankaru indioak Pernambuco-ko barnealdeko lur lehorretakoak dira. Beren jatorrizko lurretan, 16 herrixketan 6.000 biztanle biltzen dira.

Estebe Ormazabal/Sao Paulo, Brasil. Mendeetan, Pankararu-ek nahasketa, konbertsio, eraso eta desagertze politika ofizialen biktima izan dira. Alde batetik erlijiosoak medio, eta bestalde, laborantzarako lurren bila zihoazen kolonoen erasoengatik, beren lurralde tradizionalak galtzen joan ziren eta honekin batera euren hizkuntza eta kultura. Egoera honen aurrean, eta ealdarrikapen politiko eta borroka askoren ondoren, gaur egun, “Terras indigenas Pankararu” lurraldea bereganatzea lortu dute.

Gehienak nekazariak izanik, eta Brasilgo ipar-ekialdeko lehorte gogorrak sortu izan dituen migrazio mugimendu handien barne, Pankararuak São Paulorako bidea hartu zuten 1930. urtean. Batzuk São Paulon geratu ziren eta komunitate berri bar sortu zuten bertan, beti ere, jatorriko herrixkarekin kontaktuan.

Gaur egun 1.500 Pankararu bizi dira  São Paulon eta Real Parque-ko favelan politikoki antolatuak daude bertan herrixkatik etortzen diren kideei lagundu eta beren tradizio eta kultura landuaz.

Honela, askok urtearen zati bat São Paulon lanean pasa ondoren herrixkara bueltatzen dira euri garaian lurrak lantzeko eta honek São Paulo eta herrixken arteko joan-etorri berezia sortu du.

São Pauloko Pankararutarren lana Brasil osoan zabaldu da eta gaur egun komunitate indigenen artean politikoki aktiboenetakoak dira indio-brasildar eta herritar bezala dituzten eskubideengatik borroka aktiboan ari direlarik. Bestalde, favela kokatua den gunea, gaur egun São Pauloko hegoaldeko gune preziatuenetako batean dagoenez, enpresa etxegileen presioaren aurkako erresistentzia handia da.

Aurten, berriz ere Euskal Herria eta Brasil, Itsasondo eta São Paulo uztartu dira iaz Itsasondoko haur eta biztanle guztiek osatutako opariekin, eta laister, São Paulotik irten eta Itsasondora helduko da Olentzero, dudarik gabe Brasil aldean ezagututako lagunen berriekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia