euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musikaz eta irudiekin ospatu zuen atzo Eusko Ikaskuntzak bere sorreraren 90. urteurrena Donostiako Aquariumean

2008/12/23

Vicente Zaragueta, Donostiako Aquarium-eko zuzendaria, eta Xabier Retegi, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria (argazkia EI)
Vicente Zaragueta, Donostiako Aquarium-eko zuzendaria, eta Xabier Retegi, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria (argazkia EI)

PUBLIZITATEA

Eusko Ikaskuntzak, bere lan esparrua Euskal Herriko zazpi probintziak dituen erakunde historiko euskaltzaleak, bere 90 urteak ospatu zituen atzo Donostiako Aquariumean egin zen ekitaldi batekin. Ikuskizunak kantua, irudiak eta hitzak batu zituen, aktore eta musikariek gidatuta. Ekitaldian elkarteko egungo lehendakari den Xabier Retegik iragana eta geroa biltdu zituzten hitzak esan zituen, baita, bere kasuan despedidakoak ere, ez baita aste honetan bertan, ostiralean abenduak 26, egingo diren hauteskundeetara aurkeztuko. Lehendakaritzarako hautagai bakarra dago, Jose Maria Muñoa bazkidea.

Donostia-San Sebastián.  Eusko Ikaskuntzak bere sorreraren 90. urteurrena ospatu zuen atzo Donostiako Aquariumean, musika, irudia eta hitza bildu zituen ikuskizunarekin. Aquariumeko zuzendariak, Vicente Zaraguetak, harrera egin zien bertara bildutako gonbidatu, zuzendaritzako kide eta bazkide lagunei. Eusko Ikaskuntzak 3.000 bazkide inguru ditu, Euskal Herrian zein munduko hainbat herrialdetan sakabanatuta, denak euskara eta euskal kulturarekiko maitasunak elkarte honetara bilduta.   

Arantxa Gurmendi eta Eñaut Gantxegi aktoreek gidatu zuten ikuskizuna, Juan Aguirre Sorondok idatziriko gidoiari jarraiki, eta hitz eta testuen irakurketaren bitartez elkartearen historia azaldu zuten. Musikak ere lagundu zuen hariari tiraka egiten ibilbide honetan, Juantxo Vega txistulariaren eta Aitor Amezaga musikagilearen eskutik.

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen Oñatiko unibertsitate zaharraren egoitzan. Elkartearen 90 urte hauetan hainbat ekimen eta jarduera sustatu ditu Eusko Ikaskuntzak euskara eta euskal kultura alorrean. Gutxi batzuk aipatzearren, Euskaltzaindiaren sorrera edo Euskal Unibertsitate Publikoaren aldeko ekimenak gogora ekar daitezke. 

Eusko Ikaskuntzaren webgunea, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia