euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurrera darrai gaur eta bihar Sao Paulon Gernika gogoan datorren asteburura arte luzatuko den egitaraua

2007/05/12

Gernikari buruzko egitarauko lehenengo saioa Sao Paulon: ezkerretik eskuinera, Estebe Ormazabal, Gabriel Otamendi eta Acácio Augusto iragan astean
Gernikari buruzko egitarauko lehenengo saioa Sao Paulon: ezkerretik eskuinera, Estebe Ormazabal, Gabriel Otamendi eta Acácio Augusto iragan astean

PUBLIZITATEA

Aurrera darrai Brasilgo Sao Paulon, bertako Euskal Etxeak antolaturik Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrenaren karietara garatzen ari den kultura asteak. Gaurkoan 'Emakumeak gerletan: gogoeta bat' izeneko mahai-inguruaren txanda izango da, eta ondotik 'Libertarias' filmea ikusi ahal izango da. Biharkoan, dokumental eta mahai-inguru berri bati ekingo zaie. 1936ko gerlari buruzko testigantzak eta zenbait proiekzio eta debate biltzen dituen programa hau datorren asteko asteburuan amaituko da, Julio Medemen 'Euskal Pilota' emanez larunbatean, eta Aberri Egunaren jaia eginez igandean.
Aurrera darrai Brasilgo Sao Paulon bertako 'Eusko Alkartasuna' Euskal Etxeak Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratzeko antolatutako zikloak. Gaurko egitarauak 'Emakumeak gerletan: gogoeta bat' izeneko mahai-ingurua aurkeztuko du, arratsaldeko ordu bietatik aurrera, bertan lau emakume profesional eta unibertsitate-irakasle arituko direlarik: Rosalina de Santa Cruz Leite, Maria De la Concepcion Piñero Valverde, Maria Dolores Aybar Ramirez y Josefa Buendia Gómez. Solasaldiaren ondotik Vicente Arandaren 'Libertarias' (1996) filmea emanen da, PUC-SPko egoitzan, 512. aretoan, Sao Pauloko rua Monte Alegre 984-n.

Gaurkoaren segida bihar heldu da, Euskal Etxearen Avenida Joao 1567ko egoitzan arratsaldeko bostetatik aurrera, orduan proiektatuko baita Que Bom Te Ver Viva (I. Murat, 1989) dokumentala, jarraian eztabaida saio bati bide emanez, partaideak Rosalina de Santa Cruz Leite doktorea, PUC-SPko Gizarte Zerbitzu Fakultateko irakaslea, eta Criméia de Almeida Tales, Araguaiako gerrilako kidea. Zikloa, ordea, datorren asteko asteburuan amaituko da: larunbatean, maiatzaren 19an, Julio Medem zuzendari donostiarraren 'Euskal Pilota...' filmea eskainiko da, ondoko eztabaidaren izenburua 1937–2007 um longo conflito no País Basco: reflexões sobre a situação basca izango dela. Igandean, ostera, maiatzaren 20ean, goizeko hamaiketatik aurrera, bukaera gisa jai eguna iragari da, Aberri Egunaren ospakizuna egingo baita Euskal Etxearen Rua Angelo Montecilli, 270eko egoitzan.

Gernikako sarraskia haritzat hartu duen euskal-brasildar kultur aste hau joan den asteko igandean hasi zen Sao Paulon, hasi ere 'Gernikako bonbardaketa: ikuspuntu historiko bat' izeneko mahai-inguruarekin. Bertan Gabriel Otamendi, egun 87 urte dituen baina 16 urte zituela armada errepublikarrean 'faxismoari aurre egiteko' sartu eta teniente izatera heldu zenaren lekukotasun berezia entzun ahal izan zen. Ondoren, Nemesio Sobrevilaren 'Gernika' (1938) filmea ikusi eta Acácio Augusto PUC-SPko ikertzailearen hitzaldia entzun ahal izan zen, Estebe Ormazabal Sao Pauloko Euskal Etxeko presidentea aurkezle. Programari buruzko argibide gehiago, hemen.


Lotura interesgarriak

Sao Pauloko Euskal Etxearen webgunea
www.euskaletxeabrasil.com.br

Sao Pauloko 'Gernika gure gogoan' ekitaldien iragarpena
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 11ean

Kinku Zinkunegiren (HABE) bisita Sao Paulora
EuskalKultura.com-en 2007ko urtarrilaren 25ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia