euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uholdeak garaituz, Iparraldeko Ikastolek Herri Urrats berri bat egingo dute Senperen; Diasporan ere bai

2007/05/12

'Urrats bat, zazpi nahi' da aurtengo Herri Urratseko hitzorduaren leloa; gaur hasiko da Buenos Airesen, bihar izango da Senperen, eta ondoko asteetan Parisen eta Mar del Platan...
'Urrats bat, zazpi nahi' da aurtengo Herri Urratseko hitzorduaren leloa; gaur hasiko da Buenos Airesen, bihar izango da Senperen, eta ondoko asteetan Parisen eta Mar del Platan...

PUBLIZITATEA

Lapurdiko Senpere herriak beste behin hartuko du Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen jaia, joan den astean izandako uholde larriek eragin dituzten kalte eta hondamendiari aurre eginez. Zazpi herrialdeetatik heldutako euskaldunek bat egingo dute jaiarekin eta bildutako dirua ikastolen elkartearentzat eta zati bat uholdeek kaltetuentzako izango da. Diasporan, Buenos Aireseko Iparraldeko Etxeak gaur bertan egingo du jaia eta datozen asteetan Pariseko Eskual Etxea eta Mar del Platakoa ere bilduko dira.
Joan den astean Lapurdi eta Baztan bailarako hainbat herri urez bete zituzten uholdeei aurre eginez, lagun eta bolondresen lana beharrezkoa izan da Herri Urratsen 24. edizioa ospatu ahal izateko. Bihar Senpereko aintzirak solidaritate honen bigarren zatia ikusiko du, Euskal Herri osotik heldutako milaka euskaltzaleren partehartzearekin. Eurek emango duten diruarekin Seaskari, Iparraldeko Ikastolen elkarteari, laguntza emango zaio, eta aurtengoan bildutakoaren zati bat uholdeak kaltetutako bizilagunentzat izango da.

Urtero bezala Herri Urrats Senpereko lakuaren inguruan antolatutako zirkuitoan egingo da eta kontzertuak eta animazioak izango dira ibilbideko bost guneetan. Umeentzako area berezi bat izango da. Jaiaren egitarau osoa ikusteko, jo hona. Lapurdi eta Baztan inguruan izan diren uholdeei buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, ikus artikulu hau.

Baita Buenos Airesen ere; Parisen, 7 kilometroko ibilbidea

Aurreko urteeetan bezala Iparraldeko ikastolen jaiak oihartzuna izango du Diasporan ere eta ezagutzen ditugu jada datozen egunetan egingo diren deialdi batzuk. Goiztiarrena Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxearena izango da, gaur bertan egingo dutelako. Gau partean izango da hitzordua, Euskal Etxearen egoitzan, Moreno 1370 kalean. Egitarauan 'jokoak, zozketak eta sorpresa ugari' iragarri dituzte antolatzaileek.

Hurrengo data Parisen izango da, datorren asteko igandean. Aurten Pariseko Eskual Etxeak programa mardula antolatu du, bertako Sustraiak, Erroak eta Lokarria taldeek prestatuta. 'Euskal hizkuntzaren aldeko eguna' izango da eta Pariseko kaleetan zehar egingo da. Paristarrek prestatu duten ibilbideak 7,73 kilometro izango ditu, eta Duban kaleko euskal etxearen eraikin zaharretik hasi eta Saint Oueneko egungo egoitzan bukatuko da. Bidean zehar 'horniketa auto' batek jarraituko ditu partehartzaileak, edariak eta freskagarriak banatuz.

Parisetik atzera Argentinara, Mar del Platara

Txangoa goizeko 8:45etan hasiko da Duban kaleko 10. zenbakitik. Lehendabiziko geldiunea Place des Ternes-en izango da eta bigarrena Legendre eta Rue des batignoles kaleen bidegurutzean. Atsedenaldi honetan Des Batignolles auzoan bisita gidatua egingo dute partehartzaileek. Eguerdiko 12:30etan partehartzaileak metroa hartu eta Saint Oueneara joango dira, Eskual Etxera, bertan bazkariari ekiteko. Bazkalondoan, arratsaldeko 16:00etan 'Kutxidazu bidea, Ixabel' eskainiko da, jatorrizko euskaran eta frantses azpitituluekin.

Bukatzeko, eta berriz ere Argentinara salto eginez, azken ekitaldia Mar del Platako Artaburu Euskara Taldeak antolatu duena izango da. Artaburuko euskaltzaleek Euskal Herrian ikasturtean zehar egin diren ikastolen jai guztiak ospatu dituzte: Ibilaldia (Bizkaikoa), Kilometroak (Gipuzkoakoa), Araba Euskaraz (Arabalpa) eta Nafarroa Oinez (Nafarroakoa). Orain Herri Urratsen txanda heldu da eta ekainaren 1ean Haurren Euskara Tailerrean ekitaldi berezia egingo dute. 'Ikastolen federazioak egindako materiala jaso dugu FEVAren bitartez eta jaian horixe erabiliko dugu', azaldu dio EuskalKultura.com-i Veronica Domingo euskara irakasleak.


Lotura interesgarriak

Herri Urrats 2007
www.herriurrats.com

Seaska, Iparraldeko Ikastolen elkartea
www.seaska.info

2006ko Herri Urrats Diasporan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 14an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia