euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal ekitaldia Cipollettin: FEVA eta ‘Baskos de la Confluencia’ bildu eta hiriaren urteurren jaian hartu dute parte

2021/10/08

Baskos de la Confluencia, Union Vasca eta FEVAko lagunak Limay, Neuquen eta Negro ibaien elkargunean (argazkia EE)
Baskos de la Confluencia, Union Vasca eta FEVAko lagunak Limay, Neuquen eta Negro ibaien elkargunean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Cipolletti, Argentina. Argentinako euskal etxeak biltzen dituen Federazioak berriro ere ekin die bere ohiko bidaiei eta urriaren 2an Rio Negro probintziako ‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxea bisitatu zuen Cipolletti hirian. Egun osoko euskal kultur ekitaldia goizean hasi zen FEVAko agintarien eta ‘Baskos de la Confluencia’ko kideen arteko bilera batekin. Euskal Etxetik adierazi digutenez, “bileran ideia ugari mahaigaineratu ziren eta horrek bultzada eta indarraldi polita eman digu hori proiektu zahar eta berriekin jarraitzeko”. Arratsaldean, eta Bahia Blancako Union Vascako lagunekin batera, hiriaren urteurren jaialdiarekin bat egin zuen euskal gizataldeak honako bi aktibitate hauek proposatuz.

Cipollettiko Kultur Etxean, “Euskal Herria, gure sustraiei so” izeneko hitzaldia eman zuten bahiatarrek. Ondoren, San Martin plazan, euskal dantza emanaldia eskaini zuten Beti Aurrera taldea osatzen duten Union Vascako dantzariek.  

Euskal etxe antolatzaileak egunaren balantze ezin hobea egin du eta esker beroak luzatu nahi dizkie Union Vascako lagunei eta bereziki Iñaki Ederra lehendakariari, baita ere FEVAko Arantxa Anitua, Miren Arozarena eta Asier Iriberri ordezkariei, 2020an, pandemia hasi aurretik adostuta zegoen bidaia burutzeagatik.

“Jorge Onofri buru duen Cipollettiko Kultur Idazkaritzaren gonbitea ere azpimarratu nahi dugu", emendatu dute; "beste behin kontuan hartu gaituztelako ekitaldietan parte hartzeko eta hori hiriaren babesaren erakusgarri da. Geure bazkideen engaiamendua ere gailendu nahi dugu, ezinbestekoa izan zelako ekitaldia antolatzearren”, azaldu dute Baskos de la Confluenciako lagunek. 

FEVAren bidaiak

Pandemiaren osteko lehenengo bidaia ez bada ere –gogora dezagun joan den hilabetean Gral. Rodriguezeko Euskal Etxearen urteurrenean presente egon zirela FEVAko ordezkariak– Cipollettira egindako bidaia hau bai izan da azken bi urte hauetan FEVAk distantzia luzeko egin duen lehenengoa.

Arantxa Anituak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, “oso esperientzia ona izan zen. Une ederrak pasatu genituen Cipollettin, bertako jendearekin; denbora daramagu beraiekin lanean eta badakigu langileak eta gogotsuak direla. Bestalde, Bahia Blancako Union Vascako gazteen ekarpena ere azpimarragarria izan zen oso. Gazteen maila horretako konpromisoa ikustean horrenbeste kezkatzen gaituen belaunaldi-aldaketa bideratuta dagoela esan dezakegu”, adierazi du FEVAko lehendakariak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia