euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rocklineko Euskal Etxeak bere euskal festa egingo du larunbatean eta Las Vegasko Lagun Onak-ek berea igandean

2021/10/08

Asteburu honetan Ibarreko Ibarra (Kalifornia) eta Lagun Onak-ek (Nevada) euren euskal piknikak ospatuko dituzte
Asteburu honetan Ibarreko Ibarra (Kalifornia) eta Lagun Onak-ek (Nevada) euren euskal piknikak ospatuko dituzte

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, AEB. Pandemiaren urak ubidera itzultzen doaz, oraindik ere eta mundu osoan asko falta bada ere normaltasuna orokortzeko; baina datorren asteburu honetan Estatu Batuetako bi euskal etxek euren euskal festa edo piknikak egitera itzuliko dira: Kalifornian, Iparreko Ibarra Euskal Etxea --jende askok Rocklingo Euskal Etxea gisa ezagutzen duena-- eta Nevadan, Las Vegaseko Lagun Onak, lehenak larunbatean eta bigarrenak igandean.

Izan ere Iparreko Ibarra Euskal Etxeak 'Berriz Elgarekin' (sic) izenaz bataiatu du bere aurtengo jaia, Together Again azpitituluarekin. Gogo eta irrika handia baitago adiskideekin elkarretaratu eta elkar berriz agurtzeko, musean, kantuz edota dantzan aritzeko, edo nolanahi ere euskal komunitatea biltzeko. Ohi bezala Lincoln-en egingo da eta Mus Txapelketarekin hasi da, goizeko zortzietan erregistratuz. Ondoren etorriko dira bazkaria, euskal dantza emanaldiak, txinga-proba, ardiki afaria eta erromeria, Jean Flesher-en eta bere banda musikari. Eta San Frantziskoko Zazpiak Bat dantzariak partaide. Meza ere iragarrita zegoen, baina "maleruski ez da izango", adierazi digute.

Las Vegasen, bertako Lagun Onak Euskal Etxeak bere 40. urteurrena ospatuko du igandean eta piknika aire zabalean, Spring Mountain Ranch State Park-eko testuinguru ederrean egingo du, ohi duenez. Ekitaldiak 11etan hasiko dira meza batekin, ondoren bazkaria eta klubeko sukaldariek prestatutako paella. Chinoko Euskal Etxeko Gauden Bat taldeko dantzariak arituko dira eta giro hori lagun muszaleek partida batzuk jokatzeko aukera izango dute. Norberak bere edariak ekarri beharko ditu. Etortzeko asmoa baduzu, abisatu mesedez emailez Amaya Beristaini lvbasco a bildua gmail.com helbidean adieraziz zenbat zareten.

Aurrera Rocklin eta Lagun Onak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia