euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires probintziako Emakumezkoen Paleta Txapelketako lehenengo topaketa egin dute Tandilgo Gure Etxean

2021/10/08

Buenos Aires probintzia osoko pilotariek parte hartu dute txapelketaren lehenengo egunean
Buenos Aires probintzia osoko pilotariek parte hartu dute txapelketaren lehenengo egunean

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Gure Etxea Euskal Etxeko neskek astero entrenatzen dute kantxan, jokatu eta hobetu egiten dute gogo eta konpromiso handiz. Izan ere nabarmena da, azken urteotan pilota paletan emakumeen parte-hartzea areagotu egin dela. Eta ez Tandilen bakarrik, baita Buenos Aires probintziako beste hainbat herritan ere. Aldaketa horren isla da, adibidez, lehenago lagunarteko pilota partida zirenak aurten txapelketa bihurtu direla, Paleta Federazioak araututa.

Buenos Airesko Txapelketa probintzial honen lehenengo topaketa joan den irailaren 25ean hezurmamitu zen Tandilen, Gure Etxea Euskal Etxeko eta Tandilgo Club Hipico-ko trinketeetan. Bi kategoriatan ("A" eta "B") jokatu zuten, eta bietara bikote ugari bildu ziren, hainbat herritakoak: Necochea, De La Garma, González Chávez, San Antonio de Padua, Rauch, Gral. Belgrano, Pedro Luro eta de Tandilgoak, azken kasu honetan aipatu bi klubetakoak. Euskal Etxetik lau bikote aritu ziren, partaideak Yamila Abait, Sara Almeida, Estela Apecechea, Belen Eguzquiza, Martina Fulco, Liliana Devoto, Vanesa Hernandez eta Eugenia Notar.

Euskal etxeko Marcos Castillonek Euskalkultura.eus-i aurreratu dionez, txapelketaren bigarren topaketa urrian, zehazteke dagoen herri batean egingo da, eta hirugarrena eta azkena Necochean, abenduaren 4 eta 5ean. Euskal etxeko batzordekoek kirolarien maila, gogoa eta profesionalismoa azpimarratu dituzte eta, bestalde, eskerrak eman dituzte lehenengo topaketa honen egoitza izateagatik, egun horretan adiskidetasuna eta alaitasuna bultzatzen duen kirol honen inguruan adin askotako emakumeak bildu direlako.

Zorionak, neskak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia