euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emakumeen Pilota bor-bor Necochean: 40 neska dabiltza trinketean eta hiru, Pilota Azpibatzordeko kide

2021/04/09

Cristian "Oso" Barac, Maite Bilbao, Joseba Bilbao (arbitroa), Victoria Lastagaray eta Sebastian Gomez
Cristian "Oso" Barac, Maite Bilbao, Joseba Bilbao (arbitroa), Victoria Lastagaray eta Sebastian Gomez

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Pilota Paleta Txapelketa Mistoaren egoitza izan zen joan den larunbatean, apirilaren 3an, Necocheako Euzko Etxeko trinketea. Ekitaldi arrakastatsua suertatu zen, honako irabazleekin: bikote txapelduna Victoria Lastagarayk eta Sebastian Gomezek osatutakoa izan zen, bigarren lekuan Cristian "Oso" Barac eta Maite Bilbao. Azpimarragarria baita ere, antolatzaile, euskal elkarteko Pilota Azpibatzordea izan zela, egun eta lehenengoz hiru emakume kide dituena: Maite Bilbao, Virginia Lastagaray eta Emilia Menna.

Izan ere, Euzko Etxea eta batez ere Pilota Paleta arloa urrats sendoak ematen ari dira emakumeen aukera berdintasunaren alde. EEko lehendakari Kiti Zubillagak EuskalKultura.eus-i “oso harro" daudela aitortu dio "Euskal Etxean gertatzen ari diren aldaketekin. Pilota Azpibatzordea ere mistoa da eta hori ez da edonon ikusten”.

2016an sortu zuten Euzko Etxeko Emakumeen Pilota Eskola, Raul Yunes eta Joseba Bilbao pilotari eta pilota irakasleak bultzatzaile. Pilota Azpibatzordearen babesarekin, asko hazi zen eta 2018an 20 bat emakume pilotarik entrenatzen zuten. Gaur egun kopuru hori bikoiztu egin da eta 40 neskak osatzen dute bertako Emakume Pilotarien Eskola.

Emakumeek Pilota Azpibatzordean parte hartzea oso garrantzitsua izan da azken urteotan kirola bultatu eta ekitaldiak antolatzeko. Izan ere, Hiriko Txapelketak, eskualdeko Txapelketak eta baita Nazioartekoak ere antolatu dituzte. 2021ari begira, eta osasun egoerak okerragora egiten ez badu, Hiriko Txapelketa, Txapelketa Mistoa, Emakumeen Nazioarteko Txapelketa eta Gizonezkoen Nazionala antolatzekotan dira bertan.

Pilota Eskolako ordutegia

Kirolaren jarraipena bermatzeko, txikienei begirako Eskola bat ere sortua dute necocheatarrek. Larunbatetan elkartzen dira, adinaren arabera antolatuta, goizeko 10etatik arratsaldeko ordu 2etara.

Emakume nagusiek, berriz, astearteetan eta ostegunetan dituzte klaseak, arratsaldeko 3etatik 5etara.

Euzko Etxea Facebook-en, Centro Vasco Necochea



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia